Mundua -

AEB-IRAN GATAZKA

Ukrainako hegazkina 'giza akats' baten ondorioz eraitsi zuela onartu du Iranek

Irango Armadak agiri bat kaleratu du gaur, egindako 'akatsa' onartuz. Ukrainak, bere aldetik, justizia eskatu du. Onartzea "pauso garrantzitsu" bat dela adierazi du Trudeauk.

Ukrainiako hegazkinaren zatiak, Iranen. Argazkia: EFE.
Ukrainiako hegazkinaren zatiak, Iranen. Argazkia: EFE.
Ukrainako hegazkina suntsitu izana aitortu du Iranek

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irango Armadak "nahi gabe eta giza akats baten ondorioz" eraitsi zuen, joan den asteazkenean, 176 bidaiari zeramatzan Ukrainako hegazkin komertziala. Hala aitortu dutu dute Irango arduradun militarrek, azken egunotan bertsio hori behin eta berriz ukatu ondoren.

Agiri ofizial baten hartu du bere gain Irango Armadak Boeing 737 hegazkinari gertatutakoa, eta herrialdeak bizi duen "krisi" egoerari egotzi dio ekintza hori.  Hegazkin ukrainarra militarren gune batetik oso gertu igaro zela, eta arerioarekin nahastu zutela dio, hitzez hitz, gaur zabaldutako idatziak.

Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak azken asteotan Irango hainbat eskualderen kontra egindako mehatxuen ondoren, Iran "alerta maila gorenean" dagoela esan du Armadak. Ukrainako hegazkinaren aurka egin aurretik, tropa estatubatuarrek Iraken duten aire-basearen kontra misilak jaurti zituztela ere aitortu dute, Qasem Soleimani jeneral irandarraren hilketagatik mendeku gisa.

Bestalde, AEBko gerra-hegazkinen presentzia Iranen inoiz baino handiagoa dela salatu du Armada irandarrak, eta horri egotzi dio hein handi batean hegazkinaren aurka egindako erasoa. "Egoera horretan, giza akats baten ondorioz eta nahi gabe erasotu genuen hegazkina, eta horrek gure herrikideen eta hainbat atzerritarren martirioa eragin du", jaso dute agirian.

Iman Jomeini nazioarteko aireportutik atera zen Boeing 737 hegazkina Kievera bidean, asteazken goizean, eta aireratu eta gutxira Teheran hegoaldean erori zen. Berehala hasi ziren Irango Gobernuaren kontrako salaketak, tartean, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak egindakoa.

Iranen adierazpena "pauso garrantzitsua" dela esan du Trudeauk

Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak Hasan Rohani Irango presidentearekin hitz egin du larunbat honetan. Bere misil batek hegazkina jo eta bota zuela onartzea "pauso garrantzitsu" bat dela adierazi du Kanadako buruzagiak.

Baina Kanadako lehen ministroak erantsi duenez, "oso larria da", bidaiari hegazkin bat bota izana "izugarria da". Horregatik, Kanadaren parte-hartzearekin "ikerketa sakon" bat egitea eskatu dio Rohaniri.

Ukraina, justizia eske

Vladimir Zelenski Ukrainako presidenteak erantzukizun osoa bere gain hartzeko eskatu dio Irani, eta horrenbestez, "justizia eta kalteordainak" eskatu ditu hildako 176 pertsonentzat eta haien familientzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Iran Donald Trump