Mundua -
herrialdeko hego ekialdean
200 sutek piztuta jarraitzen dute Australian
23 bat hildako zenbatu dituzte momentura arte, gehienak abenduko azken astean. Agintariek 270 bat milioi eurotan zenbatu dituzte suteek eragindako kalteak.
agentziak | erredakzioa
200 bat sutek piztuta jarraitzen dute gaur, igandea, Australiako hego ekialdean, agintariak "hondamendiaren" kalteak zenbatzen ari diren honetan, eta Scott Morrison lehen ministroaren aurkako kritikak areagotzen diren bitartean.
Ia 20 gradu egin zuen behera tenperaturak atzo, eta horrek arnasa hartzeko aukera eman zien suhiltzaileei. Larunbatean haize bortitzak eta muturreko tenperaturak —batzuk 50 gradurainokoak— izan ziren, eta horrek 20 sute baino gehiagotan alerta egoera igoarazi zuen.
Hori gorabehera, egoerak oso zaila izaten jarraitu zuen hainbat lekutan, esaterako, Eden Hego Gales Berriko hegoaldeko herri batean. Han, egitura sendoetan babes hartzeko deia egin zieten herritarrei, su garrak oso hurbil izan zirelako.
Herri hori Mallacootatik (Victoria) 60 bat kilometrora dago. Bertan, 1.000 bizilagun inguru atera zituzten Itsas Armadako itsasontzietan, suak 4.000 bat pertsona ez atzera ez aurrera egin ezinik utzi eta gero.
Irailetik hona 23 hildako zenbatu dituzte Australian, gehienak abenduko azken astean.
Atzo, larunbata, Batlow inguruan (Sidneytik 400 km-ra) beste pertsona bat hil zen, kasu honetan bihotzekoak jota, lagun bati sua kontrolpean izaten laguntzen ari zela, Gladys Berejiklian Hego Gales Berriko gobernuburuak baieztatu zuenez.
Aseguru etxeen kalkuluen arabera, suteek 430 milioi AUDeko (AEBko 299 milioi dolar edo 268 milioi euro) kalteak eragin dituzte.
Suteak Zelanda Berrira ere heldu dira. Han keak gorri koloreko zerua utzi du, eta Auckland-en, Australiatik 2.000 kilometro baino gehiagora, arnasteko arazoak ere eragin ditu hainbat pertsonarengan.