Mundua -
Bigarren erreskatearen bila
Herstura plan berria onartzeko eskatu die Pandreouk Greziako alderdiei
Hiru egunetan zehar, Europako laguntza jasotzen jarraitzeko eta porrota saihesteko beharrezkoak diren neurriak tramitatu beharko dituzte. Sindikatuek 48 orduko greba orokorra deitu dute asteartean.
Erredakzioa
Georgios Papandreou Greziako lehen ministroak herstura plana laguntzeko eskatu die Parlamentuko alderdiei; izan ere, herstura plana "aukera bakarra" da Greziarentzat.
Papandreouren hitzetan, herriak bizi duen egoerari irtenbidea bilatzeko beharrezkoa da Gobernuak defendatzen duen erreforma aurrera ateratzea.
Europako bigarren erreskatearen dirua jasotzeko herstura plan berria eztabaidatuko du datozen hiru egunotan Greziako Parlamentuak. 300 diputatuk neurri berriak aztertuko dituzte. Hala ere, Yorgos Papandreu lehen ministroaren proposamenei kontrako botoa emango dietela iragarri dute oposizioko diputatu gehienek.
115 diputatu sozialistetako bik kontrako botoa emateko asmoa iragarri dute dagoeneko. Horrela, Papandreuk 153 aldeko boto jasoko ditu, beharrezkoa den gehiengo sinplea baino bi boto gehiago.
Bestalde, protestak areagotu egin dira astelehen honen lehen orduetatik. PAME langile komunisten zentroko kideek pankarta bat jarri dute Atenasko Akropolian, "Europako herriek ez dute inoiz amore emango" leloarekin.
Sektore pribatuko eta publikoko sindikatu nagusiek, berriz, 48 orduko greba orokorra deitu dute asteartean hasteko. Aire-zirkulazioak, hiri-garraioak, trenek, portuek, bankuek eta zerbitzuek nabarituko dute gehien horren eragina. Gainera, itzalaldiak egiten jarraituko dute astebetez, DEH elektrizitate enpresa publikoa pribatizatzearen aurka protestatzeko.