Mundua -
Gertakaria
Sei pertsona hil dira Txekiako ospitale batean izandako tiroketan
Sei pertsona hil dira Ostravako ospitale bateko itxarongela batean izandako tiroketan.
Agentziak | Erredakzioa
Gaur, azaroak 10, Txekiar Errepublikako ospitale batean izandako tiroketan sei pertsona hil dira, buruan eta bularrean tiro eginda larri zeuden bi pertsona hil ondoren, Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.
Gainera, beste bi pertsona zauritu dira oraindik identifikatu gabe dagoen pertsona batek tiro eginda. Tiroketa goizeko zazpietan izan da Pragatik 370 kilometro ekialdera dagoen Ostravako ospitale batean, Traumatologiako itxarongelan.
Erasoaren egileak ihes egin du, baina Poliziak operazioa abiatu du lehenbailehen aurkitu eta atxilotzeko. Ospitalea Ostravako Unibertsitate Campusean dago, eta Poliziak sarbide guztiak itxi eta eraikina hustu du, ehunka pertsona kalera aterata.
Poliziak tiroketan ustez parte hartu duen pertsona baten argazkia zabaldu du Twitter bidez, baina ezabatu egin du geroxeago, eta gertatutakoaren "lekuko" gisa aurkeztu du.
Ondoren, beste pertsona baten argazkia argitaratu du sare sozial horretan, baina susmagarria den ala ez adierazi gabe.
Halaber, erasotzaileak zilar koloreko Renault Laguna batean ihes egin duela uste dute, eta haren matrikula jakinarazi dute.
Erasoaren ustezko egileak bere buruaz beste egin du Poliziak inguratu duenean
Tiroketaren ustezko egileak ihes egiteko erabili duen ibilgailua aurkitu dutenean, agenteek tiro egin du horren kontra, geldiarazteko asmoz. Inguratuta zegoela ikusi duenean, ustezko erasotzaileak bere buruaz beste egin du, Poliziaren esanetan.
Gaurkoa 2015etik Txekiar Errepublikan izandako erasorik larriena izan da. Orduko hartan, gizon batek zortzi pertsona hil zituen Uhersky Brod herriko jatetxe batean, eta bere burua hil zuen gero, Reuters albiste agentziak jakinarazi duenez.