Mundua -
Analisia
Greziako krisiak aurretik eramago du dena
Merkel eta Sarkozyren arteko akordioaren ostean, dena konponduta zegoela zirudien baina orain, hiru egun eta gero, amildegitik gero eta gertuago jartzen ari da Grezia, baita Europar Batasuna bera ere.
Jesus Torquemada
Europar Batasunaren irudia guztiz kaltetuko du Greziako krisiak. Greziarentzako erreskate planak elkartasun ariketa zirudien hasieran. Laguntzarako baldintzak ipintzea logikoa zen; baten batek mailegu bat egiten duenean dirua berreskuratuko duen segurtasuna nahi izaten baitu. Baina orain Greziari baldintza asko jartzen ari zaizkio eta purrustaka gainera.
Haren kideek filmeetako mafiosoak dirudite, ordaindu ezean ondorioak izango direla dioten horietakoak. Merkel eta Sarkozyren arteko akordioaren ostean, dena konponduta zegoela zirudien baina orain, hiru egun eta gero, amildegitik gero eta gertuago jartzen ari da Grezia, baita Europar Batasuna bera ere.
Jendeak ez du deus ulertzen. Alemaniako kantzillerrak eta Frantziako presidenteak adostutakoa Greziarentzako beste erreskate-plan bat da, datorren urtean indarrean sartuko litzatekeena; baina Greziari emateke geratzen da oraindik iaz onartutako lehenengo erreskate-planari dagokion diruaren zati handi bat.
Eta Eurotaldeko finantza-ministroek geldiarazi egin dute, modu txarrez, ordaintzeke zen diru horren entrega. Greziaz ez direla fio erakutsi dute eta ondorioz, nola izango dira ba fio nazioarteko merkatu ezagunak? Grezia itotzen ari den soka gehiago estutzean, Europa osoan eragingo lukeen zatiketa soziala sortzeko arriskuan dira.