Mundua -

Txile

Txileko Gobernuak eta oposizioak galdeketa bat adostu dute Konstituzio berria egiteko

Plebiszitua 2020ko apirilean egingo da. Indarrean dagoena 1980an onartu zen, Augusto Pinocheten diktaduran, eta herrialde justuago bat eraiki ahal izateko oztopo handia dela salatu dute herritarrek.

Protesta jendetsua Italia Plazan, Santiagon (Txile). Artxiboko argazkia: Efe
Protesta jendetsua Italia Plazan, Santiagon (Txile).
Protesta jendetsua Italia Plazan, Santiagon (Txile). Artxiboko argazkia: Efe

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txileko Gobernuak eta oposizioak Konstituzio berria egiteko bide orri bat adostu dute ostiral honetan. Zehazki, plebiszitu baten bidez, beste Lege Nagusi bat nahi duten edo ez galdetuko diete herritarrei, eta, baiezkoak irabaziz gero, zein formula konstituziogile nahiago duten.

Galdeketa 2020ko apirilean egingo da, eta Txileko gaur egungo Konstituzioa ordezkatzea proposatuko die herritarrei. Izan ere, indarrean dagoena 1980an onartu zen, Augusto Pinocheten diktaduran (1937-1990), eta gaur egungo krisi sozialaren aurrean herrialde justuago bat eraiki ahal izateko oztopo handia dela salatu dute herritarrek. Testuinguru horretan, lau aste daramatzate jada protestekin, eta, gutxienez, 22 pertsona hil dira poliziaren eta manifestarien arteko istiluetan.

Plebiszitu horrek bi galdera izango ditu. Lehenik eta behin, Konstituzio berri bat nahi duten edo ez erantzun beharko dute herritarrek.

Bigarrenean, Konstituzio berria zein organo-motak idatzi behar duen erabaki beharko dute herritarrek, hau da, legebiltzarkideek eta zeregin horretarako hautatutako herritarrek erdibana osatutako talde batek ("konstituzio-konbentzio misto bat"), edo helburu horrekin bereziki aukeratutako kideek osatutako batzar batek ("konstituzio-konbentzio bat").

Lege Nagusi berria egiteko proposamenak aurrera egitekotan, bi instantzia horietako kideak 2020ko urrian hautatuko dituzte, sufragio unibertsalaren bidez, eskualde eta udal hauteskundeak izango diren egun berean.

Aukeratutako "organo-eratzailea" osatzen duten kideek bi herenen babesarekin onartu beharko dituzte haien arauak eta bozketa-erregelamendua.

Konstituzio berria idatzi ostean, herritarrek beste galdeketa batean berretsi beharko dute, nahitaezko sufragio unibertsalaren bidez.

Bakearen aldeko akordioa

"Bake sozialaren eta Konstituzio berriaren alde" izena duen akordioak, herrialdeak bizi duen "krisi sozial eta politiko larriari" erantzun nahi dio, "herritarren mobilizazioari" eta Sebastian Piñera presidenteak aste honetan egindako deiari. Laburbilduz, "bakea, justizia soziala eta Konstituzio berria lortzeko batasunaren alde" urratsak ematea du helburu akordio horrek.

Indar politiko ofizialistak eta oposizioko alderdiak bi egunez bilduta egon ostean adostu dute plebiszitu hori aurreikusten duen ituna.

"Egun handia da Txilerentzat eta demokraziarentzat", esan zuen atzo Jaime Quintana Senatuko presidenteak, akordioa hedabideen aurrean iragarri zuenean.

Quintanak adierazi duenez, akordio horrekin politikak bere gain hartzen du txiletarrek manifestazioetan salatu dituzten "bidegabekerien gaineko erantzukizuna".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Txile Manifestazioak Bolivia Ekuador