Mundua -
Analisia
Labirinto greziarra
Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak emandako 110.000 milloi euroak ez dira nahikoa; beste horrenbeste behar dute, eta hala ere, ez dago ziur Greziak bere finantza egoera egonkortuko duen.
Jesus Torquemada
Greziak ezin du bere zorra ordaindu. Ekonomia okerrera doa eta ez du diru nahikoa sortzen aurreko zorrari dagozkion interesak ordaintzeko. Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak emandako 110.000 milloi euroak ez dira nahikoa; beste horrenbeste behar dute, eta hori lortuta ere, ez dago ziur Greziak bere finantza egoera egonkortuko duen.
Bi jarrera oso desberdin daude. Bata, Alemaniarena; estatuek ez ezik inbertsore pribatuek ere Greziari laguntza eman behar diotela aldarrikatzen du. Esate baterako, zor horren ordainketa zazpi urtez atzeratzea onartzea. Horrek galerak ekarriko dizkie banku pribatuei, Greziako zorraren gehiengoa banku grekoek, alemaniarrek, frantsesek eta estatubatuarrek baitute.
Zergatik dago Merkel kantzillerra jarrera horren alde? Badakielako Alemaniako zergadunak aspertuta daudela euren zergen dirua jartzeaz Grezia, Irlanda eta Portugal erreskatatzeko.
Baina gobernuak ez daude ados Alemaniarekin. Uste dute, bankuak Greziako zorrean galerak izatera behartzen badira, horrek adieraziko lukeela Greziak ordainketa etena izan duela. Horrek finantzen lurrikara sortuko lukeela uste dute, eta ondorioz, kalte handiak eragingo lituzkeela bere zorra ordaintzeko arazoak dituzten herrialdeetan, adibidez, Espainia, Italia edota Belgikaren kasuan.