Mundua -
Igandean
Beste bilera bat deitu du euroguneak Greziari buruz eztabaidatzeko
105.000 milioiko euroko erreskate berria jaso dezake Greziak, Didier Reynders Belgikako Ekonomia ministroak aurreratu duenez.
Erredakzioa
Luxenburgon, igandean, bilera berri bat egingo dute euroguneko Ekonomia ministroek Grezia laguntzeko bigarren erreskate plana zehazteko, izan ere, gaurko bileran ez dute adostasunik lortu.
Hileroko bileran Grezia laguntzeko egitasmoa eztabaidatzea aurrikusita zuen euroguneak, hau da, ekainaren 20an (astelehena) Luxenburgon, baina egun bat lehenago biltzea erabaki du, akordio falta ikusita.
Grezia laguntzeko bigarren erreskate egitasmoa 105.000 milioi eurokoa izan daitekeela aurreratu du gaur Didier Reynders Belgikako Ekonomia ministroak. Horietatik 25.000 milioi euro sektore pribatuak jarriko ditu borondatez.
"NDFk, EBk eta euroguneak 80.000 milioi euroko esku-hartze berria onar dezakete", adierazi du Reyndersek.
Alemania
Wolfgang Schäuble Alemaniako Finantza ministroak iragarri duenez, Greziaren balizko bigarren erreskate batean laguntzeko prest dago Alemania, sektore pribatuak parte hartzen baldin badu. Euroguneko herrialdeetako ordezkariak ezohiko batzarra egiten ari dira Bruselan, Greziari eman beharreko balizko laguntza aztertzeko, eta han egin ditu adierazpenak Schäublek.
Greziaren balizko bigarren erreskate honetarako diru kopurua 60-90 mila milioi eurokoa izango litzateke. Hala ere, Greziaren zorra berregituratzeko moduari buruzko iritzi kontrajarriak dituzte Alemaniak eta Europako Banku Zentralak. Berlinek zorra leunki berregituratzea exijitzen du, erreskate berri honen zama osoa ez dezaten zergadunek bere gain hartu.
Bestalde, Europako Banku Zentralaren ustez, baliteke bonu greziarren borondatezko truke honek merkatuetan nahasmena sortzea. Gainera, beste herrialdeak kutsatzearen beldur da finantza erakundea.
Espainiak Europako Banku Zentralaren kezkekin bat egin du. Elena Salgado Espainiako Ekonomia eta Ogasun ministroak baieztatu duenez, beste aukera gehiago ere badaude eta, horren harian, Vienako ekimena aipatu du.