Mundua -
Sutea Somonan
180.000 pertsona ebakuatu dituzte Kalifornia iparraldean, suteen ondorioz
Suak, dagoeneko 12.140 hektarea baino gehiago kiskali ditu Sonoman, eta, ondorioz, inguru horretatik berehala alde egiteko eskatu diete agintariek herritarrei.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 180.000 pertsona ebakuatu dituzte Kalifornia iparraldean, suteen ondorioz. Bitartean, 144 kilometro orduko haize-boladek berpiztutako sugarrak kontrolpean hartzeko lanean ari dira suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuko kideak.
Suak, dagoeneko 12.140 hektarea baino gehiago kiskali ditu Sonoman, eta, ondorioz, inguru horretatik berehala alde egiteko eskatu diete agintariek herritarrei. Zehazki, konderri horretako Healdsburg eta Windsor hiriak salbatzea da agintarien lehentasuna une honetan.
Izan ere, inguruko hainbat ospitale hustu behar izan dituzte, eta gutxienez 200 paziente San Frantzisko badiako ospitaletara eraman dituzte.
Gainera, toki askotan argindarra moztu dute, eta, horrek, erreskate taldeen lana zaildu du. Pacific Gas & Electric (PG&E) argindar konpainiak bere bezeroetako ia bi milioiri eten die zerbitzua Kaliforniako iparraldean, lurrera eror daitezkeen kableek sute gehiago piztu dezaketenaren beldur.
Testuinguru horretan, Gavin Newsom gobernadoreak larrialdi egoera ezarri zuen ostiralean Sonoma eta Los Angeles konderrietan.
Eguraldiaren iragarpenek ez diote mesederik egiten Kaliforniako iparraldeari, Sonoma konderrian haize zakarrak espero baitira, eta egun osoan zehar haize-bolada gogorrekin jarraituko dute.
Lehen ikerketen arabera, sutea Pacific Gas & Electric konpainiako ekipo elektriko batetik oso gertu piztu zen.
2017ko urrian, 15.400 hektarea erre ziren Kalifornian, sistema elektrikoaren failaren ondorioz, eta 22 hildako eta 5.600 egitura suntsituta utzi zituen. Suteak 1.300 milioi dolarreko kalte ekonomikoak eragin zituen.