Mundua -
Argentina
AEB, Venezuela eta EB, Alberto Fernandezen kanpo-politikaren gakoak
Mauricio Macri aurreko kargudunaren agintaldian ikusitakoa aztertuta, Argentinako presidente berriaren apustua da mundura "beste era batera" integratzea.
Agentziak | Erredakzioa
Alberto Fernandez peronista gailendu da Argentinako hauteskundeetan, eta, orain, galdera da nola jardungo duen kanpo-politikari dagokionez abenduaren 10etik, alegia, presidentetza ofizialki bere gain hartuko duen egunetik; batez ere, hiru arlo izango dira aztergai, atzerri-politikan: Ameriketako Estatu Batuak, Venezuela, eta Mercosurrek eta Europar Batasunak sinatutako akordioa.
Mauricio Macri aurreko kargudunaren agintaldian ikusitakoa aztertuta, Fernandezen apustua da Argentina mundura "beste era batera" integratzea, azken hilabeteotan adierazi izan duenez. Frente de Todos (Guztion Frontea) alderdiaren liderrak Cristina Fernandez de Kirchner presidente ohia kokatuko du presidenteorde (Fernandez de Kirchner 2007tik 2015era izan zen herrialdeko presidentea).
Venezuela
Fernandez de Kirchnerren Gobernuetan, Argentinak harreman estua izan zuen Hugo Chavezen Venezuelarekin, eta, Chavezen heriotzatik, haren aldekoekin. Hori dela eta, hauteskunde-kanpainan, Macrik eta haren aldekoek ohartarazi dute Argentinak arriskua zuela, Cristina Fernandez bueltatuz gero, Venezuelako joera autoritario bera bereganatzeko. Venezuelak urteak daramatza krisi politikoan, ekonomikoan eta sozialean murgilduta.
Alberto Fernandez, uztailean, "oso kezkatuta" azaldu zen Venezuelako "joera autoritarioagatik"; baina aditzera eman zuenez, Argentina, bera Presidentetzara iritsiz gero, Limako Taldetik irtengo litzateke. Hainbat herrialdek osatutako talde horrek ez du Maduro onartzen, eta Juan Guaido oposizioko liderra babesten du; Alberto Fernandezen iritziz, Limako Taldeak "jarrera esku-hartzailea sustatzen du" Venezuelan, Macri eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea buru izanik.
Mercosur-Europar Batasuna akordioa
Aurtengo ekainaren amaieran, eta bi hamarkada negoziatzen eman ostean, Brasilek, Argentinak, Paraguaik eta Uruguaik osatzen duten Mercosurrek merkataritza-akordioa hitzartu zuen Europar Batasunarekin. Alberto Fernandezek hasieratik jarri zuen zalantzan akordio hori, Argentinari ekar liezazkiokeen desabantailengatik.
Berez, Alberto Fernandezek ez du inoiz adierazi Argentina itunetik irten beharko litzatekeela (hitzarmena indarrean sartzeko, bi blokeetako herrialdeetako Parlamentuak onartu beharko lituzkete); baina presidente berriak gogor kritikatu du akordioaren edukia, eta zalantzan jarri du negoziazioak behin betiko itxi izatea.
Hainbat aldiz, Alberto Fernandezek nabarmendu du zainduko duela akordioak Argentinaren aldekoak izatea, Presidentetzara iritsiko balitz.
Brasil
Argentinaren merkataritza-bazkide nagusiena da Brasil. Kirchner eta Fernandez Gobernuan izan zirela, Argentinako Gobernuak kidetasun ideologiko handia izan zuen Luiz Inacio Lula da Silva (2003-2011) eta Dilma Rouseff (2011-2016) Brasilgo presidenteekin.
"Ez da bidezkoa preso egotea, eta haren askatasuna aldarrikatzen jarraitu behar dugu. Lula aske! Latinoamerika osoan, eta munduan ere, entzun dadila", esan du Alberto Fernandezek, jarraitzaileen aurrean, hauteskundeetan garaile irtenda.
Bolsonaro, aldiz, gogor gaitzetsi du Fernandezek; haren esanetan, Brasilgo presidentea "arrazista, misoginoa eta bortitza" da. Nolanahi ere, Argentinako presidente berriak hainbat aldiz esan du herrialdeak Brasilekin duen harremana nahikoa garrantzitsua dela "garai batean dagoen presidente batek dioenaren arabera" mugatzeko.
Ameriketako Estatu Batuak
Mauricio Macrik, bere agintaldian, harreman oso ona izan du AEBrekin, Barack Obama zein Donald Trump presidente egonda. Fernandezen iritziz, Ameriketako Estatu Batuen politikek asko baldintzatzen dute Argentina, eta uste du herrialdeak "lotura heldua" erdietsi behar duela AEBrekin.
"George Bushekin bizi izan ginela kontuan izanik, nola ez gara biziko elkarrekin Trumpekin ere?", esan zuen Alberto Fernandezek uztailean.