Mundua -
Gerra Sirian
Turkiak eta Errusiak segurtasun eremu bat osatzea adostu dute Siria ipar-ekialdean
Erdoganen esanetan, "akordio historiko" horren bidez, Errusiak eta Turkiak "aro berri bat" abiatuko dute Siriako gatazkari irtenbide baketsua emateko ahaleginean.
Agentziak | Erredakzioa
Siria ipar-ekialdean 30 kilometroko zabalerako “segurtasun eremu bat” sortzea adostu dute Errusiak eta Turkiak. Horrela, Siriako milizia kurduak kanporatuko dituzte, 150 orduko epean, Baxar al-Assaden erregimenaren eta Moskuren laguntzarekin.
Vladimir Putin Errusiako presidentearen eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako homologoaren artean sinatutako akordioa "oso garrantzitsua” dela ziurtatu du Errusiako agintariak, Sotxin izandako zazpi orduko negoziazioen ostean. "Akordioa erabakigarria da, eta Turkiako mugan sortu den egoera oso tirabiratsua konpontzen lagunduko du", nabarmendu du.
Erdoganen esanetan, "akordio historiko" horren bidez, Errusiak eta Turkiak "aro berri bat" abiatuko dute Siriako gatazkari irtenbide baketsua emateko ahaleginean, eta Siriako lurraldean "edozein mugimendu separatista" sortzea saihestuko dute.
Akordioaren arabera, asteazken gauerditik aurrera, Errusiako polizia militarra eta Siriako mugako zaintzaileak Turkia eta Siria arteko mugan izango dira, Herri Babeserako Unitatea (YPG) mugatik 30 kilometrora erretiratzeko eta horren armak kentzeko, 150 orduko epean.
Zeregin horiek amaituta, Errusiak eta Turkiak elkarrekin zainduko dute "segurtasun eremua", 10 kilometroko zabalerakoa, mugan dagoen Qamishil hiria izan ezik.
Horrenbestez, Turkiak abiatutako erasoaldia "bertan behera" geratu ostean, akordioa nola betetzen den ikusteko dagoela nabarmendu du Sergei Lavrov Errusiako Kanpo ministroak.