Mundua -

Turkia

121 lagun atxilotu dituzte Turkian, Siriako operazio militarra gaitzesteagatik

"Gure soldaduak terrorearen aurka beraien bizia ematen ari diren bitartean, ez dugu baimenduko hemen inork haien kontra egiterik", ohartarazi du Suleyman Soylu Barne ministroak.

Operazioa asteazkenean abiatu zuen Turkiak. Argazkia: EFE.
Operazioa asteazkenean abiatu zuen Turkiak. Argazkia: EFE.
Operazioa asteazkenean abiatu zuen Turkiak. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiako agintariek 121 lagun atxilotu dituzte, sare sozialetan Armada turkiarra Siriako ipar-ekialdean milizia-kurduen aurka egiten ari den operazio militarraren kontrako iruzkinak argitaratzeagatik. Operazioa asteazkenean hasi zen.

Telebistan emandako mezu batean, Suleyman Soylu Barne ministroak ohartarazpena zabaldu du: agintariak gertutik ari dira zaintzen Interneten zer ari den argitaratzen Siriako operazioaz.

"Gure soldaduak terrorearen aurka beraien bizia ematen ari diren bitartean, ez dugu baimenduko hemen inork haien kontra egiterik", esan du Soyluk.

Orain arte, 500 bat lagunen kontra hartu dituzte “legezko neurriak”, Turkiak “Bakearen Iturria” izenaz deituriko operazio militarra gaitzetsi izateagatik. 500 horietatik 121 atxilotu egin dituzte.

"Gorrotorako eta etsaitasunerako zirikada" eta sare sozialetan "erakunde terroristaren aldeko propaganda" karguak egotziko dizkiote atxilotuei.

Sirian zibilei eraso izatea eta biktima horiek Armada turkiarraren kontura utzi izatea leporatu die ministroak Herriaren Babeserako Unitateak milizia siriar-kurduei.

Operazio militarra

Siriako operazioaren bidez, Ankararen asmoa da 30 bat kilometro zabal den zati bat bereganatzea, eta, halaber, milizia bertatik kanporatzea. Turkiak terroristatzat jotzen ditu milizia siriar-kurduak, loturak baitituzte debekatutako Kurdistango Langileen Alderdiarekin, alegia, Turkian aktiboa den gerrilla kurduarekin.

2018an, Turkiak Afrin enklabe siriar-kurduan erasoaldia jo zuenean, 780 bat lagun atxilotu zituzten Turkian, sare sozialetan operazio horren inguruan egindako iruzkinengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Eguneko albisteak Albisteak Turkia Zer ari da gertatzen Sirian? Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?