Mundua -

Gerra Sirian

Nor da nor Turkiak Siria ipar-ekialdean abiatu duen erasoaldian?

Agintari kurduek Siria iparraldea eta ekialdea kontrolatzen dute, Damaskoko tropek (haien etsai nagusia) eremu horiek utzi baitzituzten gatazka hasi ostean.

Turkiak Siria iparraldea hartu du milizia kurduen aurkako erasoaldian. Argazkia: EFE
Turkiak Siria iparraldea hartu du milizia kurduen aurkako erasoaldian.
Turkia Siria iparraldea bonbardeatzen hasi da

1:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Siria iparraldean kurduen aurkako operazio militarra abiatu duela iragarri ostean, ez dago argi nola jokatuko duten gatazka-gune bihurtu den eremu horretan inplikatutako gainerako agintariek.

Ankarak 2016tik Siria iparraldearen aurka egin duen hirugarren operazio militarra da, baina, zeintzuk dira Erdoganek "Bakearen Iturri" gisa martxan jarri duen erasoaldi horretan parte hartzen duten herrialdeak?

Siriako kurduak

Agintari kurduek Siriako iparraldea eta ekialdea kontrolatzen dute, Damaskoko tropek (haien etsai nagusia) 2011n, gatazka hasi zenean, eremu horiek utzi baitzituzten.

Zehazki, Siriako Baaz alderdiaren Gobernuak hamarkadetan zehar jazarri duen gutxiengo baten parte dira kurduak, eta, Siriako Indar Demokratikoen (SDF, ingelesezko sigletan) babes militarrarekin, Estatu Islamikoaren (EI) aurkako operazio militarra egin zuten Eufrates ibaiaren ekialdean.

SDF alderdia kurduak buru dituen aliantza bat da, eta Ameriketako Estatu Batuen (AEB) aliatu nagusi bihurtu zen talde jihadistaren aurkako borrokan. Martxoaren 23an, Al Baguzen, Irakekin mugan dagoen Deir al Zur probintzian, jihadistak garaitzea lortu zuten.

Siriako kurduek eskualde autonomo bat eratu nahi dute, eta herrialdearen % 30 dute kontrolpean, non arabiarrek eta asiriarrek tokiko kontseiluak dituzten Rojava deitzen dioten eremu bateko kantonamenduetan.

Turkia

Turkiak kurduen milizien aurkako hirugarren erasoaldia egin du 2016tik Siria iparraldean, "terroristak" direla esanez, Kurdistango Langileen Alderdiarekin (PKK), Turkiako gerrilla kurduarekin, dituen loturengatik.

Siriako operazio militarrarekin, Ankarak deitutako "eremu segurua" sortu nahi dute Rojavan. Eremu horrek 32 kilometroko zabalera eta 480 kilometroko luzera izango luke, eta Turkiak berak bakarrik izan nahi du horren kontrola.

Turkiak gaur egun bere ardurapean dituen 3,6 milioi errefuxiatuetatik 2 milioi eraman nahi ditu Mendebaldeko Kurdistango mugan sortuko lukeen "eremu seguru" horretara. Gerra hasi zenetik ihes egin duten errefuxiatuak dira horiek, eta Erdoganek gune hori askoz gehiago zabaltzeko asmoa du.

Operazio militar horretan, gainera, Baxar al-Assad Siriako Gobernuaren kontra dauden tokiko talde errebelde batzuk parte hartzen ari dira, eta erasoaldi horrekin bat egitearen alde agertzeaz gain, desegiteko eta armak uzteko eskatu diete SDFko kideei.

Siria iparraldeko gainerako eremua, Eufratesetik Mediterraneoraino, Turkiako tropen kontrolpean dago jada, 2016an Alepo iparraldean "Eufratesen ezkutua" operazioa eta 2018an Afringo enklabe kurduan "Olibondo adarra" izenekoa burutu zituztenetik.

AEB, Iran, Errusia eta Estatu Islamikoa

AEB izan da orain arte Siriako kurduen aliatu nagusia, nahiz eta Donald Trump AEBko presidenteak urriaren 6an egin zuen iragarpenaren ostean (Turkiako erasoaldian zerikusirik ez izateko mugatik alde egiteko asmoa), kurduek traizio gisa ikusi dute herrialde horren jarrera.

Ekialde Hurbileko operazio militarrei amaiera emateko asmoz, Siriako ipar-ekialdean dituen tropak erretiratuko dituela esan du Trumpek, Twitter sare sozialean duen kontuan behin baino gehiagotan zabaldutako mezuen bitartez.

Etxe Zuriak azaldu duenez, 50 soldadu bakarrik erretiratu dira mugatik. Dena dela, Washingtonek ez ditu aipatu ere egin Estatu Islamikoaren aurka borrokan ari den nazioarteko herrialdeen koalizioaren baitan Sirian dauden gainerako soldaduak.

Gainera, adituen esanetan, AEB Siriatik erretiratuko balitz, baliteke martxoaren 23an garaitu zuten talde jihadista bueltatzea.

Horren aurrean, AEBren aurkari nagusi eta Damaskoren aliatu diren Errusiak eta Iranek ere badute zer esanik. Bi herrialde horiek, egoera hau balia dezakete euren laguntzarekin Siriako Gobernuko tropek ipar-mendebaldeko Idlib eskualdean aurrera egin ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak Errusia Atentatuak NATO Estatu Islamikoa Eguneko albisteak Albisteak Turkia Iran Donald Trump Siria Ekialde Hurbila gaur