Mundua -
Protestak Ekuadorren
Ekuadorko presidenteak etxeratze-agindua ezarri du herrialdeko 'gune estrategikoetan'
Morenok ezarritako salbuespen-egoerak irauten duen bitartean izango da indarrean neurria. Hasiera batean, 60 egunetarako iragarri zuen arren, Auzitegi Konstituzionalak 30 egunera murriztu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak etxeratze-agindua ezarri du Estatuko “eraikin eta instalazio estrategikoetatik gertu”, 20:00etatik 05:00etara, astelehenetik igandera. Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) adostutako programa baten ondorioz erregaiei dirulaguntzak kentzearen aurkako protesten aurrean hartu du erabakia Gobernuak.
Etxeratze-agindua Morenok ezarritako salbuespen-egoerak dirauen bitartean izango da indarrean. Hasiera batean, 60 egunetarako iragarri zuen arren, Auzitegi Konstituzionalak 30 egunera murriztu zuen.
"Ekuadorko Polizia eta Indar Armatuak izango dira agindu hori betearazteko ardura izango dutenak, eta kasuan kasu behar diren neurriak hartzeko baimena izango dute, legezko ahalmenak eta konstituzio-bermeak baliatuz", jasotzen du dekretuak.
Morenok sinatutako dekretuaren arabera, neurri horretatik kanpo geratzen dira "zerbitzu publikoa eman behar duten pertsonak eta zerbitzariak (...), Ekuadorko Poliziako eta Indar Armatuetako kideak, egiaztagiria duten kazetariak, herrialdean misio diplomatikoak dituzten pertsonak, eta mediku, osasun edo sorospen-langileak".
Gainera, Gobernuaren egoitza Guayaquil hirira lekualdatzea jasotzen du dekretuak, salbuespen-egoera bertan behera gelditu arte.
"Arau hori hausten duten herritarrak berehala atxilotu eta agintarien esku utziko dituzte. Indar Armatuak dekretua betetzera behartuko ditu herritarrak, herrialdean ordena eta bakea mantentzeko", ohartarazi dute Indar Armatuek ohar batean.
Manifestarien gaitzespena
Bestalde, Ekuadorko Herri Indigenen Konfederazioak uko egin dio Gobernuaren aurkako protesten aurrean herrialdean ezarritako etxeratze-aginduari, eta neurri diktatorialtzat jo du Morenoren erabakia.
"Horrelako erabakiekin Ekuadorko Gobernuak agerian utzi du herrialde osoan mobilizazio sozialari eta erresistentzia-ekintzei aurre egiteko agintariek duten ezintasuna", azpimarratu dute manifestariek.
"Diktadura militar batean bezala ezarri den neurri horren dimentsioa salatzen dugu eta, horrek izan dezakeen eraginaz ohartarazi nahi diegu giza eskubideen nazioarteko erakundeei", gaineratu du Ekuadorko indigenen mugimenduak.