Mundua -
Protestak
Manifestariek Ekuadorko Asanblea Nazionala okupatu dute
Lenin Moreno presidentearen dimisioa eskatzeko hartu dute botere legegilearen egoitza. Dagoeneko bi dira protestetan hildakoak.
agentziak | erredakzioa
Milaka manifestari ekuadortarrek Quitoko Asanblea Nazionalaren egoitza okupatu dute ordubetez Lenin Moreno presidentearen dimisioa eskatzeko. Protestak duela sei egun abiatu zituzten, Gobernuak dirulaguntza batzuk kendu ondoren, Nazioarteko Diru Funtsarekin egindako akordio baten ondorioz.
Liskar gogorrak izan dira "Moreno, kanpora!" oihukatzen zuten manifestarien eta polizien eta militarren artean, bertan baitzeuden indar armatuak protestarien zain.
Manifestariek Morenok duela astebete sinatutako dekretu bat bertan behera uzteko eskatu dute, duela hamarkada batzuetatik erregaien kostua merkatzen zuten dirulaguntzak kendu baititu.
Manifestariek, indigenen federazioko kideak buruan, segurtasun-hesiak gainditu dituzte, legegilearen egoitzara iritsi dira eta barrura sartzea lortu dute.
Segurtasun-indarrek negarra eragiteko gas ugari erabili dute protestariak sakabanatzeko, baina ez dute lortu.
Poliziak, azkenean, eraikinetik atera ditu guztiak, baina protestan jarraitu dute, Ekuadorko banderak eta indigenenak astinduz.
Bigarren hildakoa
Quitoko protestetan zauritu zen gazte bat ospitalean hil da, eta dagoeneko bi dira duela sei egun protestak hasi zirenetik hildakoak.
Marco Otok 26 urte zituen, eta zubi batetik behera erori zen Poliziak inguratuta zuenean, Cedhu Ekuadorko Giza Eskubideen aldeko Batzorde Ekumenikoak jakinarazi duenez.