Mundua -

Protestak Ekuadorren

500 pertsona inguru atxilotu dituzte Ekuadorren, azken egunetan izandako istiluetan

Erregaiei diru-laguntzak kentzearen aurkako manifestazioetan egin dituzte atxiloketa gehienak, bandalismoa leporatua.

Erregaiei diru-laguntzak kentzearen aurkako protestak Ekuadorren. Argazkia: EFE
Erregaiei diru-laguntzak kentzearen aurkako protestak Ekuadorren. Argazkia: EFE
500 pertsona atxilotu dituzte Ekuadorren izandako istiluetan

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekuadorko Gobernuaren arabera, gutxienez 477 pertsona atxilotu dituzte hiriburuan, Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) adostutako programa baten ondorioz erregaiei diru-laguntzak kentzearen aurkako manifestazioetan.

Oswaldo Jarrin Defentsa ministroarekin batera telebistan egindako elkarrizketa batean, Maria Paula Romo ministroak zehaztu du atxiloketa gehienak bandalismoarekin zerikusia dutela, erregaien prezioen igoera dela eta.

Ostegunean, garraiolariek deitutako lehen greba-egunean, istilu eta arpilatze ugari jazo ziren hiriburuan. Gobernuaren erabakiaren aurkako protestetan 3.000 pertsona inguruk parte hartu zuten, eta, egun horretan izandako istiluetan, 12 patruila erre zituzten eta 11 anbulantziari eraso egin zieten.

“Indarkeria ez litzateke inoiz protesta egiteko erabili behar, baina pertsona batzuek zentzuzkoena gainditu dute”, salatu du Romok. Ildo horretatik, manifestariek protesta egiteko hartu dituzten neurrien artean 50 bat polizia eta militar atxiki izana ez dela onargarria azpimarratu du.

Halaber, 35 urteko herritar baten heriotza deitoratu du, izan ere, manifestariek errepideetan jarritako oztopoen ondorioz, anbulantzia ezin izan zen lekura hurbildu eta medikuek ezin izan zuten gaztea garaiz artatu.

Ekuadorko Gobernuko Komunikazio arduradunaren arabera, “normaltasuna probintzia gehienetara itzultzen ari da”, baina toki batzuetan "bideak gelditzeko eta ixteko mehatxuak daude".

Arrazoi horregatik, "segurtasuna bermatzeko" eta "haur eta nerabeen osotasuna" zaintzeko, eskolak itxita jarraituko dutela esan du Gobernuak.

Bestalde, Lenin Moreno Ekuadorko presidentea elkarrizketarako prest agertu da, baina protestetan buru direnek esan dute "itxita" daudela Gobernuarekin hitz egiteko aukera guztiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Grebak Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Kolonbia Latinoamerika Peru Ekuador Gasolioaren prezioa