Mundua -
ITALIA
Giuseppe Conte lehen ministroak Diputatuen Ganberaren konfiantza bereganatu du
Bost Izarren Mugimenduak (M5S) eta Alderdi Demokratak (PD) osatutako koalizio gobernuak konfiantza mozioa gainditu du. Asteartean, Senatuaren babesa lortzen ahaleginduko da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italian, bart, Giuseppe Conte lehen ministroak gidatzen duen gobernu berriak Diputatuen Ganberaren konfiantza lortu du. Horrenbestez, Bost Izarren Mugimenduak (M5S) eta Alderdi Demokratak (PD) osatutako koalizio gobernuak konfiantza mozioa gainditu du. Bozketan, aldeko 343 boto, kontrako 263 eta 3 abstentzio jaso ditu.
Gaur, asteartea, Senatuaren konfiantza bereganatzen saiatuko da. Ezustekorik ezean, Giuseppe Contek Senatuaren oniritzia jasoko du eta gobernu berriak bere ibilbidea abiatuko du, duela hilabete abiatutako krisi politikoari amaiera emanez. Iragan abuztuaren 8an, Matteo Salvini Liga alderdiko buruzagi eta Italiako Barne ministro ohiak hautsitzat eman zuen M5S alderdiarekin zuen koalizio gobernua.
Senatuko saioa 10:00etan hasiko da, Giuseppe Conteren hitzaldiarekin. Bozketa, berriz, 18:00etan egingo da.
Giuseppe Conte lehen ministroak karguan errepikatuko du, aurreko gobernuan ere bera izan baitzen gobernuburu. Atzoko hitzaldian, "aro berri bat" abiatuko dela esan zuen, eta immigrazioaren inguruko lege polemikoak berrikusiko dituela agindu zuen. Halaber, hitzetatik harago joateko eta benetako elkartasuna erakusteko eskatu dio Europar Batasunari.
Barrura begira, 2020rako aurrekontuak onartzea izango da gobernu berriaren lehen erronka.
Diputatuen Ganberaren kanpoaldean, Matteo Salvini Ligako buruak eta Italiako Anaiak alderdi ultrakontserbadoreak elkarretaratzea egin dute, eta hauteskundeak aurreratzea eskatu dute.