Mundua -

Urakana

Dorian urakana Ipar Carolinara iritsi da, 150 km/h-ko haizeekin

Bestalde, Bahama Handian eta Abaco uhartean 30 pertsona hil dira dagoeneko, baina baliteke hildakoen kopuruak gora egitea.

Dorian urakana Ipar Carolinara iritsi da. Argazkia: EFE
Dorian urakana Ipar Carolinara iritsi da.
Dorian urakana Ipar Carolinara iritsi da. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Saffir-Simpson eskalan une honetan 1. kategoria daukan Dorian urakana 150 km/h-ko haize-boladekin iritsi da Hatteras lurmuturrera, Ipar Carolinara, Amerikako Estatu Batuetako Urakanen Zentroak (NHC) jakitera eman duenez.

Datozen orduetan Ipar Carolinak urakanaren ondorioak pairatzen jarraituko du; bestalde, Virginian, ekaitz tropikalak sortu dira, NHCk ostiral honetan azaldu duenez.

Testuinguru horretan, Dorian larunbat arratsaldean edo gauean iritsiko da Kanadara, baliteke urakan gisa heltzea, nahiz eta une horretan litekeena den post-tropikal zikloi bilakatzea, baina urakan baten haize-bolada bortitzak izaten jarraitzea.

Dorian urakanak euriteak, itsas mailaren igoera, uholdeak, haize-bolada handiak eta zenbait tornado eragin ditzake datozen orduetan.

Hildakoen kopuruak gora egin du

Gutxienez 30 pertsona hil dira Bahama Handian eta Abaco uhartean Dorian urakanaren ondorioz, Hubert Minnis lehen ministroak jakitera eman duenez.

Minnisek, gainera, doako hegaldiak iragarri ditu uhartetik alde egin nahi dutenentzat. Horretarako, baina, zonalderen batzuk egokitu beharko dituzte lehenago, hegazkinek lur-hartzeko tokia izan dezaten.

CNN telebista katean egin dioten elkarrizketan, Munnisek berretsi du hildakoen kopuruak gora egingo duela.

"AEBtik iritsitako laguntzagatik izan ez balitz, hildakoen kopurua are handiagoa litzateke, eta laguntza banatzerakoan ere zailtasun handiagoak izango genituzke", azpimarratu du.

Hegaldiei dagokienez, zehaztu du adinekoek eta gaixorik dauden herritarrek ez dutela lehentasunik izango. Oraingoz, ez daki noiz erreskatatuko dituzten, baina asko jota bost eguneko epean Nassaura lekualdatzeko aukera izatea espero du.

Duane Sands Osasun ministroak ohartarazi du hildakoen kopuruak gora egingo duela, eta "izugarria" izango dela.

"Ez dago zalantzarik, askoz hildako gehiago egongo dira", ziurtatu du orain arte hilik aurkitu dituzten 30 pertsonak gogoan.

NBEk 8 tona elikagai bidaliko ditu

Nazio Batuen Erakundeak ostiral honetan aurreratu du Elikagaien Mundu Programak Bahametara 8 tona elikagai bidaltzea aurreikusi duela, Dorian urakanaren ondorioak "baretze" aldera.

NBEk azaldu duenez, laguntza behar duten pertsona guztien artean banatuko dituzte elikagaiak. Era berean, Panaman NBEk duen egoitzatik ere bidalketaren bat egingo dute.

La ONU enviará 8 toneladas de alimentos

Argazkia: EFE

1. kategoria harrapatu du Dorianek

Dorian urakanak indarra galdu du, eta 1. kategoriara jaitsi da gaur. Haizeteek orduko 150 kilometroko abiadura hartu dute Ipar Carolinan, AEBko Urakanen Zentro Nazionalak emandako informazioaren arabera.

Oraingoz, ekaitza ez da lehorrera heldu, beraz, ez du AEBn biktimarik eragin, ezta kalte material handirik ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak NBE Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Urakanak