Mundua -
Brasil
Sua egiteko debekua ezarri dute Brasilen, Amazoniako baso-berritzea abiatzeko asmoz
Agindua bi hilabetez egongo da indarrean. Bestalde, Bolsonaroren gobernuak jakitera eman duenez, suteak gutxitzen hasi dira dagoeneko, bereziki Rondonian.
Agentziak | Erredakzioa
Datozen 60 egunetan Brasilen sua egiteko debekua ezartzen duen dekretu bat sinatu du ostegun honetan Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak, Amazoniako baso-berritzea abiatzeko helburuarekin. Izan ere, azken urteetako suterik larrienak izaten ari dira azkenaldian Amazoniako eskualdean.
Brasilgo Aldizkari Ofizialean argitaratutako dekretu horrek, sute berriak sortzea saihestea du helburu, agintariak orain dela hiru aste inguru piztutako suteak kontrolatzen hasi diren honetan. Nazioarteko herrialdeak kezkatuta agertu dira egoerarekin, eta horietako askok laguntza eskaini diote Bolsonarori.
Dekretuak ondorengo hiru kasu hauek jasotzen ditu bakarrik salbuespen gisa: fitosanitarioen kontrolak, betiere ingurumen arloko erakunde eskudunak baimenduak baldin badira, suteei aurre egiteko lanak eta herri tradizional eta indigenen biziraupenerako nekazaritza praktikak.
Amazonian bizi diren indigenen artean ohikoa da zuhaitzak moztea eta lurra erretzea, berriro ereiteko aukera ematen duelako. Gauzak horrela, Brasilgo Amazonian sua piztea baimenduta dago, arau jakin batzuk betez beti ere. Alabaina, bi hilabetez bertan behera geratu da baimen hori, eta ezin izango da surik piztu.
Amazoniak hartzen dituen 7 milioi kilometro koadroen % 70 inguru Brasilgo Gobernuaren esku dago. Bolsonarok asteazkenean jakinarazi zuenez, suteak gutxitzen hasi dira dagoeneko, baina ez zuen eskualde osoari buruzko daturik aurkeztu.
Agintariek Rondonia estatuari buruzko (Brasil mendebaldean) datu zehatzak baino ez zituzten aurkeztu. Dena dela, Boliviarekin mugan, sugarrek Amazoniako oihanen zati bat kiskali dute.
Militarrak suhiltzaile gisa dihardute joan den asteburutik, izan ere, Bolsonarok suteen aurkako bere lehen neurri eraginkorra hartu zuenean, Amazoniako eskualde osoan suteei aurre egiteko zereginekin bat egiteko agindu zien.
Urtarriletik abuztura bitartean Brasilen atzemandako 71.497 suteen erdia baino gehiago Amazonian izan dira, 2018ko epe berean baino % 83 gehiago, hain zuzen ere.
Suge bat, Amazonian piztutako sute batetik ihes egiten. Argazkia: Efe