Mundua -
LEHERKETA
Erradiazio maila altuak jaso dituzte Errusian, armadaren proba batzuen eraginez
Severodvinsk hiriaren inguruetan abuztuaren 8an egindako leherketan bost pertsona hil eta beste hiru zauritu ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Errusiako meteorologia agentziak iragarri duenez, hainbat elementuren isotopo erradioaktiboak aurkitu dituzte abuztuaren 8an egindako armadako proben laginetan.
Severodvinsk hiritik gertu izandako leherketan, bost pertsona hil eta beste hiru zauritu ziren.
Meteorologia agentziaren arabera, erradiazioa leherketan izandako gas erradiaktiboen hodeiak eragin zuen. Bertan jasotako isotopoak estrontzio-91, bario-139, bario-140 eta lantano-140 dira, eta 9,3 orduko, 83 minutuko, 12,8 eguneko eta 40 orduko batez besteko bizitza dute, hurrenez hurren.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak proba horiek "etorkizun handiko" arma berriekin egin zirela adierazi du. Energia nuklearrez piztutako misilak zirela susmatzen dute Estatu Batuetako hainbat adituk.
Proba nuklearren Norvegiako behatokiaren arabera, bi ordu geroago beste leherketa bat izan zen, eta azken hori erradiazioaren kausa izan daiteke. Errusiako presidentearen esanetan, aldiz, ez zen beste leherketarik egon.