Mundua -

Giza eskubideak

Bachelet: 'AEBren zigorrek eragina dute venezuelarren giza eskubideetan'

"Zigor horiek arras zorrotzak dira, eta biztanleriaren sektore ahulenaren eskubideetan eragina dute", esan du.

Michelle Bachelet. EFEren artxiboko irudia
Michelle Bachelet
Michelle Bachelet. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Michelle Bachelet NBEren Giza Eskubideetako goi-komisarioak gaitzetsi egin ditu AEBk aste honetan Nicolas Maduroren aurka iragarritako neurriak, haren ustean venezuelarren giza eskubideetan eragina izan dezaketelako.

"Zigor horiek arras zorrotzak dira, eta biztanleriaren sektore ahulenaren eskubideei kalte egin diezaiekete", esan du ohar baten bitartez. Gainera, Bacheleten iritzian neurri horiek herritarren osasunean eta elikaduran izan lezakete eragina.

Txileko presidente ohiak adierazi du 2017ko abuztuan eta 2019ko urtarrilean AEBk ezarritako zigorrek larriagotu egin zituztela krisiren ondorioak, eta petrolioaren esportazioari, hots, Venezuelarentzat dibisa iturri garrantzitsua izan denari, ere erasan ziotela.

Neurri berrien ondorioz baliteke Venezuelako Gobernuarekin lotutako salerosketa guztiak gelditzea, "AEBk ezar litzakeen zigorren beldur", gaineratu du.

"Aldebakarreko zigorrek oinarrizko eskubideei kalte egin diezaiekete, besteak beste, eskubide ekonomikoei, baita osasunarekin eta elikadurarekin lotutakoei ere, eta giza-laguntza ere oztopa dezakete", azaldu du Bacheletek.

Astelehen gauean AEBk zigor ekonomiko berriak ezarri zizkion Venezuelari; orain arteko zorrotzenak. Izan ere, Venezuelako Gobernuaren ondare oro AEBn sartzea eragotzi du Trumpek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak NBE Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Donald Trump Nicolás Maduro Giza eskubideak