Mundua -

JAPONIA

Shinzo Abek bozak irabazi ditu, baina ez du nahikoa babes Konstituzioa aldatzeko

Japoniako lehen ministroak Konstituzioa aldatu nahi du, armadak 'rol aktiboagoa' izan dezan. Horretarako, ordea, bi ganberen bi herenen onespena behar du.

Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa. Argazkia: EFE
Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa
Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Japonian, Shinzo Abe lehen ministroaren koalizioak irabazi ditu atzo herrialdean egin ziren hauteskunde legegile partzialak, gaur zabaldutako datuen arabera. Gehiengoa lortu badu ere, ez du Konstituzioa aldatzeko nahikoa babes izango.

Atzoko bozketan, goi ganberaren erdia aukeratu zuten japoniarrek eta aukeratutako parlamentariek sei urteko legegintzaldia izango dute aurretik. Goi ganberak behe ganberak baino garrantzia txikiagoa du funtzioei dagokienez. Esate baterako, behe ganberan (Ordezkarien Ganberan) aukeratzen dute lehen ministroa.

Jokoan zeuden 124 eserlekuetatik, Shinzo Abe lehen ministroaren koalizioak 71 eskuratu ditu. Ondorioz, gehiengoa izango du behe ganberan: 245 ordezkarietatik 141.

Hala ere, zenbait aulki berritzen ez zirela kontuan izanda eta independente batzuek eta beste alderdi politiko batek Konstituzioaren erreforma babesten ez dutela aintzat hartuta, Shinzo Abek 160 aulki bereganatuko ditu, erreforma bultzatzeko behar dituenak baino lau gutxiago.

Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak Konstituzioa aldatu nahi du, armadaren izaera bakezalea albo batera utzi eta "rol aktiboagoa" izan dezan lortzeko.

Horretarako, ordea, bi ganberen bi herenen onespena behar du. Behin hori lortuta, herritarrek erreferendumean onartu beharko dute. Shinzo Aberen koalizioak botoen bi heren ditu behe ganberan, ez, ordea, goi ganberan.

Parte hartzeari dagokionez, Bigarren Mundu Gerraren amaieratik inoiz izandako bigarren txikiena izan da. Zehazki, ia erdiek soilik eman dute botoa (% 48,8).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Japonia albisteak Eguneko albisteak Albisteak