Mundua -
Persiar golkoa
Zer gertatzen ari da Iranen harrapatutako petrolio-ontzi britainiarrarekin?
Tentsio diplomatikoak gora egin du Iranek petrolio-ontzi britainiarra atzeman ostean, izan ere, duela aste batzuk Britainia Handia izan zen Iranen ontzi bat harrapatu zuena Gibraltarren.
agentziak | erredakzioa
Stena Impero petrolio-ontzi britainiarra, 23 eskifaia-kide dituena, Bandar Abas Irango portuan dago harrapatuta, ostiralean Guardia Iraultzaileak Ormuzko itsasartean atzeman zuenetik.
Ontzia Arabiar Emirerri Batuetatik Saudi Arabiara zihoan atzeman zutenean, eta gertakariak areagotu egin du Teheranen eta Londresen arteko krisi diplomatikoa, eta azken hilabeteotan berpiztu den Persiar Golkokoko tentsioa.
Hauek dira gertakaria ulertzeko gakoetako batzuk:
1. ATZEMATEA
Irango Guardia Iraultzaileak ostiralean iragarri zuen petrolio-ontzi britainiar bat atzeman zuela, Ormuzko itsasartea igarotzeko itsas nabigazio legeak urratzeagatik.
Irango Armadaren esku dagoen ontzidi batek atzeman zuen Stena Impero, Hormozgan probintziako Portu eta Nabigazio Erakundeak eskatuta.
Stena Bulk ontziaren jabeak jakinarazi zuen atzoko 15:00 GMT aldera galdu zuela 30.000 tonako ontziarekin zuen harremana, hainbat itsasontzi eta helikoptero gerturatzen ari zirela jakin ostean.
2. IRANEN BERTSIO OFIZIALA
Alahmorad Afifipur Hormozgan probintziako Portu eta Nabigazio Erakundeko zuzendariak jakinarazi duenez, Stena Imperok arrantzontzi bat jo zuen, nahiz eta ontzi horrek alarma abisua eman. Hori dela eta, gertatutakoa iketzen ari dira.
Tasmin agentziak zabaldu duenez, GPS lokalizazioa itzaltzeagatik, itsasartean irteerako bidetik sartzeagatik eta Portu eta Nabigazio Erakundearen oharrei ez erantzuteagatik atzeman zuten.
3. GERRAONTZI BRITAINIARRA
Irango Iraultzaren Zaintzaileek jakinarazi dutenez, gerraontzi britainiar bat petrolio-ontziaren harrapaketa galarazten saiatu zen.
Ramezan Shariz bozeramaileak azaldu duenez, gerraontziak ez zuen, hala ere, bere helburua lortu.
Britainia Handiko hedabideak zabaltzen ari direnaren arabera, Britainia Handiko Itsas Armadako HMS Montrose gerraontzia ez zen garaiz iritsi, nahiz eta Ormuz inguruan dagoen petrolio-ontzie laguntza emateko.
4. AURREKARIAK
Aurreko uztailaren 4an, Britainia Handiko Itsas Armadak Grace 1 petrolio-ontzi erraldoia atzeman zuen Gibraltar inguruan petrolioa Siriara eramango zuelakoan. Europar Batasunaren isunak ditu Siriak, eta hori arau-hauste bezala jo zuten.
Gibraltarko Gorte Gorenak beste 30 egunez luzatu zuen atzo Grace 1en atxiloaldia, Iranek gezurtatu egin duen arren Siriara zihoala.
Ali Jamenei Irango buruzagi gorenak "itsas lapur ekintza"tzat jo zuen Gibraltarrekoa, eta ohartarazi zuen "modu egokian" erantzungo ziola Erresuma Batuari.
5. ERRESUMA BATUAREN ERANTZUNA
Jeremy Hunt Atzerri ministro britainiarrak salatu zuen "onartezina" dela Stena Imperoren kasua, eta Teheranekin harreman diplomatikoak izaten ari dela, nazioarteko aliatuekin batera, egoerari irtenbidea emateko.
Huntek ohartarazi zuen "ondorioak larriak" izango zirela ez bazuten arazoa "berehala" konpontzen, baina argi adierazi zuen bide diplomatikoak erabiliko dituztela, aukera militarra baztertuta.
Gainera, Gobernu britainiarrak Ormuzko itsasartetik ez pasatzeko eskatu zien Erresuma Batuko ontziei.
6. PETROLIO-ONTZIAREN ETA ESKIFAIAREN EGOERA
Stena Impero Bandar Abas hiriko portura eraman zuten, Hormozgan probintziako hiriburura, eta eskifaia osoak ontzian jarraitzen du segurtasun kontuengatik.
18 marinel indiar, tartean kapitaina, eta beste bost marinel daude barruan (errusiarrak, filipinarrak eta letoniarrak).
Bertan egongo dira ikerketak irauten duen bitartean, hau da, arrantzontziarekin izandako talka eta nabigazio arauen urraketa argitzen duten arte.