Mundua -
Omar Bin Laden
AEB salatuko dituela mehatxu egin du Osama Bin Ladenen semeak
Aitaren hilketa kritikatu du Omar Bin Laden Al Kaidako buruzagiaren laugarren semeak. Hilketa "kriminala" izan zela adierazi du.
Erredakzioa
Omar Bin Laden Osama Bin Laden Al Kaidako buruzagiaren laugarren semeak AEBetan ekintza legalak abian jartzeko eskubidea duela gogorarazi du gaur. Nazioarteko Justiziara jo dezakeela ohartarazi du, "desagertutako aitaren benetako patua argitzeko".
Abu Walid al Masri ideologo islamiarraren atarian argitaratutako komunikatu batean, aitaren hilketa kritikatu du Omar Bin Ladenek. Hilketa "kriminala" izan zela adierazi du. Era berean, terroristaren gorpua itsasora botatzeko erabakia senideentzat "iraina" dela salatu du Omar Bin Ladenek.
"Gure aitaren patua argitzeko erantzukizun legala Obama AEBetako presidenteak du. Ikuspuntu erlijiosotik onartezina da pertsona garrantzitsu baten gorpua modu horretan itsasora botatzea, familia eta jarraitzaileak iraintzen dituelako eta oinarri erlijiosoak eta milioika musulmanen sentimenduak desafiatzen dituelako", adierazi du Al Kaidako buruzagiaren semeak.
Abbottabaden (Pakistan), maiatzaren 2an Al Kaidako buruzagia akabatu zuen operazio militarraren inguruan emandako bertsioa egiaztatzen duen frogarik ez du eskaini AEBetako Gobernuak, Omar Bin Ladenen ahotan. Gainera, operazioan parte hartu zuten soldaduak sare terroristaren buruzagiaren "gorpuaz berehala libratu" zirela gogorarazi du semeak.