Mundua -

HAUTESKUNDE PARLAMENTARIOAK

Syrizaren Gobernuaren agurra ekar lezakete gaurko Greziako hauteskundeek

Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreak irabaziko duela aurreikusten dute inkestek. 20:00ak aldera jakingo dira lehen emaitzak.

Alexis Tsipras botoa ematen. Argazkia: EFE
Alexis Tsipras botoa ematen.
Syrizako boto-emaileen abstentzioa giltzarri, Greziako hauteskundeetan

1:59

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legebiltzarra berritzeko bozketa dute gaur Grezian. Inkesten arabera, Syriza alderdiak Gobernua galduko du eta Demokrazia Berria alderdi kontserbadorea boterera itzuliko da berriz ere.

Guztira ia 10 milioi greziarrek dute botoa emateko eskubidea 21.478 hauteslekutan. Aurten, lehen aldiz, 17 urteko gazteek ere botoa eman ahal izango dute, 106.000 pertsonak, hain zuzen ere.

Abstentzioa erabakigarria izango da.

Alexis Tsipras lehen ministro eta Syrizako buruak Kypseli auzoan eman du botoa. Beroari aurre egin eta botoa ematera joateko deia egin die herritarrei, gazteen botoa zein garrantzitsua den nabarmenduz: "Gaurko eguna gakoa izan da. Baikor gara eta sendo egongo gara azken minutura arte, gure herriak egin dituen sakrifizio eta esfortzuak hutsaren hurrengo bihur ez daitezen, eta gure herriaren aurrerako bidaia gelditu ez dadin".

Kyriakos Mitsotakis Demokrazia Berria alderdiko buruak Atenas kanpoaldeko auzo ezagun batean eman du botoa. Irabazi egingo dutela esan du eta "bihartik aurrera, Greziak etorkizun hobea" izango duela.

Parlamentuan sartzeko botoen %3 behar da gutxienez, eta iturri batzuen arabera, eskuin muturra kanpoan geratu daiteke.

Tsiprasen eta Mitsotakisen profila

Tsiprasek hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen, bere alderdiak iragan berri diren Europako Parlamentuko hauteskundeak galdu eta gero. Ezkerreko alderdia 2015an iritsi zen boterera, Grezia krisi ekonomiko oso larrian murgilduta zela. Lehen ministro kargua hartu ondoren, Tsiprasek erreskate plan berri bat eskatu zuen eta krisi ekonomikoari aurre egiteko neurri zorrotzak jarri zituen abian, Grezia porrot egoeratik ateraz. 2019an akordio historikoa sinatu zuen egungo Ipar Macedoniarekin izen ofiziala dela eta, urtetan izan duten gatazkari amaiera emanez.

Antonis Samarasen -Demokrazia Berria- Gobernuko ministro izan zen Mitsotakis (2012-2015) eta Grezian oso ezaguna den familia politiko bateko kide da. Bere aita Constantinos Mitsotakis Greziako lehen ministro izan zen 1990tik 1993ra eta bere arreba Dora Bakoyiannis, Atzerri Gaietarako ministro, Demokrazia Berriaren aurreko gobernuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Grezia Eguneko albisteak Albisteak