Mundua -

Merkataritza ituna

EBk eta Mercosurrek merkataritza librerako ituna egin dute, 20 urte eta gero

Bi aldeek azpimarratu dute "akordio historikoa" dela bi merkatu indartsu batzea ekarriko duelako.

Europar Batasunak eta Mercosurrek merkataritza librerako akordioa egin dute.
Europar Batasunak eta Mercosurrek merkataritza librerako akordioa egin dute.
Europar Batasunak eta Mercosurrek merkataritza librerako akordioa egin dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

20 urtez negoziatzen aritu eta gero, ostiral honetan egin dute merkataritza librerako ituna Europar Batasunak eta Mercosur erakundeak (Argentina, Brasil, Uruguai eta Paraguai).

Akordioaren berri Argentinako Kanpo Harremanetarako Ministerioak eman du, eta ondoren Europako Batzordeak berretsi du.

Asteon hainbat bilera tekniko eta politiko egin dituzte ituna gaur adostutzat eman ahal izateko. Europar Batasunaren ordezkaritza Jyrki Katainen Europako Batzordeko presidenteordeak, Cecilia Malmström Merkataritza komisarioak eta Phil Hogan Nekazaritza komisarioak osatu dute. Mercosurren izenean, Argentina, Brasil, Uruguai eta Paraguaiko atzerri ministroak izan dira.

"Une historikoa dela diodanean nire hitzak neurriz erabiltzen ari naiz. Nazioarteko merkataritza tentsioetan murgildurik gaudenean, MERCOSUReko gure lagunekin batera mezu indartsua bidaltzen ari gara: arauetan oinarritutako merkataritza babesten dugu", adierazi du Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak. "EBk sekula itxitako merkataritza akordiorik handiena da", azpimarratu du.

"Historikoa", ospatu du Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak Twitter sare sozialean. "Historiako merkataritza akordio garrantzitsuenetako bat" izango da, ziurtatu duenez, eta Brasilgo ekonomiarentzako "onura ikaragarriak" ekarriko ditu. "Europar Batasunaren eta MERCOSURen arteko akordio historikoa", esan du Mauricio Macri Argentinako presidenteak sare sozial berdinean.

Nekazaritzan "amore eman" behar izan du EBk

EBk nekazaritza eta elikagaien arloan "amore eman" behar izan duela onartu du Phil Hogan Nekazaritza komisarioak, baina emaitza "orekatua" lortu dutela ziurtatu du.

"Gai esanguratsuetan amore eman behar izan dugula ezin da ukatu, emaitza orekatu, integral eta handia bermatzeko", onartu du Hoganek prentsaurrekoan, Bruselan negoziazioak itxi ondoren.

Nekazaritza arloan oztopoak ez dira gainditu negoziazioen azken txanpara arte, europarrentzako oso sektore garrantzitsua delako.

Mercosurren hitzetan, akordio "historikoa" da. Egun integrazioarekin eta aldeaniztuntasunarekin "konpromisoa" agertu behar dutela gaineratu du.

"Une historikoa da Mercosurrentzat, ez bakarrik munduan bizitzen ari garen testuinguruagatik; integrazioa, aldeaniztuntasuna, merkatu irekiera, merkataritza libre eta araudiekin konpromisoa azaldu behar dugunean", esan du Jorge Faurie Argentinako Atzerri ministroak Bruselan. Argentinak Mercosurren txandakako presidentetza du.

Akordioa ixteko behar izan dituzten 20 urteetan konpromisoa agertu dutela uste du Fauriek, 2016tik "bereziki", elkarrizketari bultzada berri bat eman ziotenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Brasil Latinoamerikako azken ordukoa Argentina Merkataritza jarduera Zer gertatzen da Montevideon?