Mundua -

Kairon (Egipto)

Palestinako zatiketaren amaiera aldarrikatu dute Hamasek eta Fatahk

Desadostasunak zituzten gaietan "akordio" bat lortu dute Palestinako mugimenduetako ordezkariek. Besteak beste, Gobernua osatzeko eta hauteskundeak egiteko akordio bat lortu dute fakzioek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Al Fatah eta Hamas fakzio arerioetako buruzagiek palestinarren arteko "zatiketaren amaiera" aldarrikatu dute gaur, desadostasunak zituzten gaietan "akordioa" lortu ostean.

"Zatiketaren amaiera heldu dela esaten diot Palestinako herriari, Gazan herriak eskatzen zuena bete da gaur", adierazi Azam al Ahmad Al Fatahko agintariak prentsaurrekoan.

Desadostasunak zituzten gaietan "akordio" bat lortu dute gaur Al Fatah eta Hamas Palestinako mugimenduetako ordezkariek. Besteak beste, Gobernua osatzeko eta hauteskundeak egiteko akordio bat lortu dute fakzioek.

"Akordioa" gaur, Kairon, izandako elkarrizketetan lortu dutela azaldu du Egiptoko goi-kargudun batek. Negoziaketan Al Fatah talde nazionalistaren ordezkaritza batek parte hartu du, Azam al Ahmad buru zuela. Hamas erakunde islamiarraren ordezkaritzaren buruzagia Musa Abu Marzuk izan da, Mena albiste-agentziaren arabera.

Albiste-agentzia berdinak argitaratutako komunikatu ofizialaren arabera, gaurko bilera egiteko gonbitea Egiptok luzatu die Palestinako fakzioei.

Hurrengo bilera

Egiptok beste bilera bat deituko du datozen egunetan, baina bertan Palestinako fakzio eta indar politiko guztiek parte hartuko dute, adostasun nazionaleko akordio bat sinatzeko Kairon.

Bestalde, Palestinako iturri batek azaldu duenez, ez dute oraindik behin-betiko akordiorik itxi.

Hamasek eta Fatahk bereizita gobernatzen dute Gazan eta Zisjordanian, hurrenez hurren. 2007ko udan boterea indarrez hartu zuen Hamasek zerrendan eta orduz geroztik desadostasuna mantendu da.

Israel

"Israelekin edo Hamasekin bakea lortu aukeratu behar" du Palestinar Aginte Nazionalak, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ohartarazi duenez.

"Biekin bakea ezinezkoa da, Hamasek Israel suntsitu nahi duelako eta horrela jakinarazi du publikoki", adierazi du komunikatu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea