Mundua -
Tsunamiaren ostean
Japoniak legez debekatuko du Fukushimatik 20 kilometrora sartzea
Richter eskalako 6,1 graduko lurrikara bat jazo da Japonian, azken hamabi orduotan bostgarrena; baina momentuz ez dago tsunami-alertarik.
Erredakzioa
Naoto Kan Japoniako lehen ministroak adierazi duenez, legez debekatuko dute Fukushimako zentral nuklearretik 20 kilometrora sartzea. Neurria ostegun gauean jarriko da indarrean.
Agintariak "ulermena" eskatu du, izan ere, bertan bizi diren pertsonak ezin izango dute euren etxeetara bueltatu.
Dena den, eremu horretan bizi diren lagunek euren ondasunak hartzera joateko baimena izango dute, agintariek gainbegiratuta, euren segurtasuna eta osasuna bermatzeko xedez.
Bostgarren lurrikara
Azken hamabi orduotan bostgarren lurrikara jazo da Japonian. Tokioren ekialdetik 64 kilometrotara eta Mitoren (Honshu) hegoaldetik 82 kilometrotara zehaztu dute epizentroa. Richter eskalan 6,1 gradu izan ditu, baina momentuz ez dago tsunami-alertarik, Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuaren arabera.