Mundua -

1963tik indarrean

Larrialdi Legea bertan behera uzteko proiektua onartu du Siriak

Gainera, Estatuko Segurtasunerako Auzitegi Gorena desegitea onartu du Siriako Gobernuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larrialdi Legea (1963az geroztik indarrean) bertan behera uzteko eta Estatuko Segurtasunerako Auzitegi Gorena desegiteko "egitasmo" bat onartu du gaur Siriako Gobernuak, Siriako telebistak jakinarazi duenez.

Premiazko ohar batean, "Ministroen Kontseiluak proiektu bat onartu" duela azaldu du iturriak, "Larrialdi Egoeraren amaiera dekretuz ezartzeko".

Gainera, "herritarrak protesta baketsuak egiteko eskubidea arautzen" duen lege-proiektua onartu du gaur Siriako Gobernuak, baita "manifestaldiak baimentzeko neurriak eta manifestariak babesteko mekanismoak" ere.

Siriako oposizioaren eskakizun nagusia Larrialdi Egoera bertan behera uztea zen.

Bachar al Asad presidenteak araua bertan behera uzteko konpromisoa berretsi zuen iragan larunbatean, baina ez zuen data konkreturik ezarri.

Protestak

Al Asaden erregimenaren aurkako protestak iragan hilabetean hasi ziren eta Mohamed Nayi Otriren Exekutiboaren dimisioa eragin zuten martxoaren 29an.

Sirian indarkeriak gora egin du azken 48 orduetan, izan ere, gutxienez 30 lagun hil dira Homseko liskarretan, oposizioko erakundeen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea