Mundua -

Eskubideak

Taiwan, sexu bereko pertsonen ezkontzak baimentzen dituen lehen herrialdea Asian

Neurriak aurrera ateratzeko babes nahikoa lortu du, aldeko 66 boto eta kontrako 27 jasota. Alderdi Demokratiko Aurrerakoiaren diputatuek gehiengo zabalarekin onartu dute legea.

Ezkontza homosexualen aldeko elkarretaratzea Taiwanen. Argazkia: EFE
Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak Taiwanen legeztatzeko protesta, 2019ko maiatzaren 17an.
Ezkontza homosexualen aldeko elkarretaratzea Taiwanen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Taiwango Parlamentuak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatu ditu ostiral honetan. Gauzak horrela, homosexualen arteko ezkontza onartu duen Asiako lehen herrialdea bihurtu da.

Alderdi Demokratiko Aurrerakoiaren diputatuek gehiengo zabalarekin onartu dute sexu bereko bikoteei ezkontza eskubidea aitortzen dien legea. Hala, neurriak aurrera ateratzeko babes nahikoa lortu du, aldeko 66 boto eta kontrako 27 jasota. Sexu bereko pertsonak herrialdean ezkondu ahal izateko, Tsai Ing Wen Taiwango presidenteak neurria aldarrikatu behar du.

Bitartean, euria bota duen arren, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatzea eskatzen zuten milaka pertsona elkartu dira Taiwango Parlamentuaren aurrean, eztabaida historikoa zuzenean jarraitu nahi izan dutelako. ‘Asiako lehengoa’, oihukatu dute herritar askok, aldean LGTBI kolektiboaren aldeko ikurrak zituztela.

Urtebetez luzatu den eztabaidaren ostean, ostiral honetan egin dute sexu bereko bikoteei ezkontza eskubidea aitortzearen inguruko bozketa. 2017an, Taiwango Justizia Auzitegi Gorenak Konstituziotik kanpo utzi zuen sexu bereko pertsonen arteko ezkontza debekatzen zuen legea, eta 2019ko maiatzaren 24a iritsi aurretik legeztatzeko agindua eman zuen.

Hortaz, legea proiektua onartuta, aitzindaria da Asian, homosexualen arteko ezkontza onartu duen lehen herrialdea baita kontinentean. Besteak beste, Txinak eta Hong Kongek homosexualen arteko ezkontzak debekatzen dituzte. 2017an, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak baimendu zituzten Australian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Gaur Homofobia Gaurko azken ordukoa LGTBI Asia Taiwan-Txinako Herri Errepublika krisia