Mundua -
PCCren Kongresua
Raul Castrok agintaldiak 10 urtera mugatzea proposatu du
Kubako presidenteak, bestalde, AEBen blokeoa areagotu egin dela salatu du eta iraultzaren kontrako presoak askatzeko prozesua amaitutzat eman du.
Erredakzioa
Raul Castro Kubako presidenteak Alderdi Komunistaren VI. Kongresua ireki du gaur eta oso hitzaldi kritikoa eman du. Estatuko eta politikako kargu gorenak bost urteko bi epera mugatzea proposatu du.
Castro jeneralak bi ordu eta erdiz hitz egin du PCCren 997 ordezkarien aurrean eta aurtengo Kongresuan, aurrekoetan ez bezala, adostutakoa ez dutela ahaztuko hitz eman du.
Hitzaldiaren ezusteko handiena "oinarrizko" kargu politiko eta estatalen agintaldiak gehienez bost urteko bi epera mugatzea proposatu izana izan da.
"Egungo egoeran posible da eta beharrezkoa ere bai, Iraultzaren lehenengo hamarkadetatik asko aldatu da egoera, orduan ez baitzegoen egonkortuta eta mehatxu eta erasopean zegoen etengabe”, Castrok azaldu duenez.
Presoak askatzeko prozesua
Kubako presidenteak amaitutzat eman du "iraultzaren kontrako" presoak askatzeko prozesua, iaz hasitakoa, eta Eliza Katolikoak eta Espainiak prozesuan izan duten pisua azpimarratu du.
Castroren esanetan, "amaitu berri da iraultzaren kontrako presoak askatzeko prozesua, herriarentzat garai zailak zirenean beste herrialde baten zerbitzura azpijokoan aritu zirenak askatzeko prozesua".
AEBen blokeoa
Bestalde, Kubako presidenteak Barack Obama AEBen presidente denetik blokeoa areagotu egin dela salatu du, izan ere, martxan jarritako neurri batzuk "positiboak bai, baina oso mugatuak" izan dira.
"Subertsioa sustatzeko proiektuak diruz lagundu ditu, gure barne gaietan ezegonkortasuna sortzeko asmoz", gaineratu du.
Kongresuan parte hartzen ari diren ia mila ordezkariek datorren asteartea arte, apirilaren 19a arte, egongo dira bilduta.