Mundua -
Alarma nuklearra Japonian
Fukushimako langileek ur erradiaktiboa drainatzen jarraitu dute
Zentral nuklearraren langileek bigarren erreaktorea hozteko lanei ekin diete. TEPCOk iragarri duenez, laster hasiko da istripu nuklearraren ondorioz hustutako lagunei kalte-ordainak ordaintzen.
Erredakzioa
Erreplikak errepikatu dira Japonian azken egunotan eta hauek argindarraren mozketak eragin dute baina hala eta guztiz ere, Fukushimako zentral nuklearraren langileek ur erradiaktiboa drainatzen eta bigarren erreaktorea hozten jarraitu dute.
Ostegun honetarako, 700 tona ur erradiaktibo drainatzea espero dute. Antza, bigarren erreaktoretik dator ur hau, izan ere, bertan urtu dira erregaiaren barrak, zentralaren lanak zaildu duena. Halaber, lehenengo eta bigarren erreaktoreetako 60.000 tona ur behin-behineko urtegi batera eramatea espero du TEPCOK.
Gainera, inguruko zonaldeetako kutsadura erradiaktiboari buruzko datu gehiago zabaldu dituzte. Minamisomako kostaldetik 15 kilometrora itsasora filtratutako urak iodo erradiaktibo kopuru handia du, hots, onartutako baino 23 aldiz gehiago. Alabaina, zentral nuklearretik 20 kilometrora estontzio elementu minbiziduna aurkitu da lurrean.
TEPCOk "ahalik eta lasterren" ordaindu ditu kalte-ordainak
Istripu nuklearraren ondorioz hustutako lagunei kalte-ordainak "ahalik eta lasterren" ordaintzeko asmoa erakutsi du Japoniako elektrikarik handiena eta Fukushimako zentralaren kudeatzailea TEPCOk.
Tokiko komunikabideek jakitera eman dutenez, kalte-ordainak banatzeko 10 urte behar izango dituzte. Gainera, hainbat bilioi yen ordaindu behar izango ditu TEPCOk (krisia oker kudeatzeagatik kritika zorrotzak jaso dituena).
Zentralaren 20 kilometrora bizi ziren 80.000 lagun inguruk eta Gobernuaren plangintza berriak aurreikusitako beste 115.000 lagunek jasoko dituzte TEPCOren kalte-ordainak.Honekin batera, Fukushima Daiichi zentrala desegin beharko du konpainiak. Hitachi erreaktore baten eraikitzailearen arabera, 30 urte emango dituzte hura desegiten.