Mundua -

JAPONIA

Japoniako Akihito enperadoreak eskerrak eman dizkie japoniarrei beren babesagatik

Aro modernoan Japoniako enperadore karguari uko egiten dion lehenengoa izan da, 85 urterekin. Naruhito semeak ordezkatuko du. Maiatzaren 1ean koroatuko dute, aro berri bati hasiera emanez.

Akihito enperadorea Tokioko jauregian. Argazkia: EFE
Akihito enperadorea Tokioko jauregian
Akihito enperadorea Tokioko jauregian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Japonian, 85 urteko Akihito enperadoreak gaur abdikatu du, tronuan 30 urte egin ondoren. Naruhito semeak ordezkatuko du karguan.

"Gaur amaitzen da nire enperadore lana", esan du Akihitok, Tokioko Matsu no ma jauregian egindako zeremonian, 300 pertsonaren aurrean. Ospakizuna zuzenean eman dute telebistan.

Formalki, ordea, Akihito gauerdira arte Japoniako enperadorea izango da. Izan ere, Naruhito semea asteazkenean koroatuko dute, bertan 11:00ak direnean (04:00ak Euskal Herrian), aro berri bati hasiera emanez.

"30 urtez bere zereginak konfiantza handiz eta japoniarrekiko errespetu osoz bete ahal izangatik izandako zorte ona" azpimarratu du Akihitok, 1989ko urtarrilaren 8an koroatu baitzuten, aitaren (Hirohito enperadorea) heriotzaren ostean.

"Eskerrik zintzoenak eman nahi dizkiot onartu eta sinbolo gisa lagundu ninduen herriari", esan du enperadoreak.

"Aro berria (Reiwa) baketsua eta emankorra izan dezala espero dugu, bihotz-bihotzez, enperatrizak eta biok", esan du. Halaber, "japoniarren eta mundu osoko biztanleen bakea eta zoriontasunagatik otoitz egiten dut", adierazi du.

Ospakizunean parte hartu dute, esaterako, Naruhito printzeak eta bere emaztea Masako prontzesak; Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak zein Parlamentuko ganbara bietako presidenteek eta Estatuko hainbat goi-karguk.

Aro honetan karguari uko egiten dion lehen enperadore japoniarra da. 1817an abdikatu zuen enperadore japoniar batek azkenekoz. Orduan, Kokaku enperadoreak Ninko semeari utzi zion kargua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Japonia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Asia