Mundua -
Alerta maila gorena
Fukushimako istripuaren larritasuna Txernobilekin parekatu du Japoniak
- Nolanahi ere, agintariek azaldu dute Txernobileko zentrala % 100ean martxan zegoela eztanda egin zuenean, baina Fukushimakoa etenda zegoela.
- 6,3 graduko beste lurrikara bat jazo da Japonian.
Erredakzioa
Japoniako Segurtasun Nuklearreko Agentziak larritasun maila handiena ezarri du Fukushimako zentral nuklearrean izandako istripuan, zazpigarrena zazpiko eskalan, eta 1986an Txernobilen (Ukraina) jazotako ezbeharrarekin parekatu du.
Nolanahi ere, agentziak gogorarazi du Fukushimako isuri erradioaktiboa Txernobilekoaren % 10 beste baino ez dela izan, eta eztanda egin zuenean ukrainar zentrala % 100ean martxan zegoen bitartean, japoniarra etenda zegoela.
Hidehiko Nishiyama bozeramailearen esanetan, Fukushimako erradiazio maila handia bada ere, larrialdi taldeek bertan lan egin dezakete.
Gainera, Txernobilen, erreaktorearen nukleoak egin zuen eztanda, eta Fukushiman hidrogeno eztandek erreaktoreen babes eraikinetan baino ez dituzte egin kalteak.
Zesio eta iodo erradioaktibo maila nabarmen hazi delako igo du alerta agentziak.
Atzo, Gobernuak handitu egin zuen ebakuazio eremua, 20 kilometrotik 40ra.
6,3 graduko beste lurrikara bat
Bestalde, 6,3 graduko beste lurrikara bat gertatu da gaur Japoniako ipar-ekialdean, Fukushimako probintzian, baina ez dute tsunami alerta ezarri behar izan, herrialde horretako Meteorologia Agentziak jakinarazi duenez.
Dardara 14:07an (07:07) jazo da, eta Tokion ere nabaritu dute.Fukushimako langileak ebakuatu egin dituzte, baina badirudi zentralean ez dela irregulartasunik atzeman.
Atzo 7,1 graduko lurrikara bat izan zen Fukushiman, eta ondorioz lau pertsona hil ziren.