Mundua -
IPAR IRLANDA
57 urteko emakume bat atxilotu dute Lyra McKeeren hilketarekin lotura duelakoan
Ostegunean bertan atxilotu zuten Creggan inguruan, istiluak izan ziren tokian bertan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ipar Irlandan, Poliziak 57 urteko emakume bat atxilotu du Lyra McKee kazetariaren hilketarekin zerikusia duelakoan, Belfast Telegraph egunkariak gaur dakarrenez. 29 urteko kazetaria ostegunean hil zuten Ipar Irlandako Derry hirian izandako istiluetan.
Emakumea ostegunean bertan atxilotu zuten Creggan inguruan, Derryn, istiluak izan ziren tokian bertan. Atxilotua polizia-etxe batera eraman dute eta kasuko ikertzaileen galderei erantzun beharko die. Bestalde, IRA Berria taldeak bere gain hartu du Lyra McKee kazetariaren hilketa eta barkamena eskatu die haren senide eta lagunei.
Kazetaria Poliziaren ibilgailu baten ondoan zegoen, beste kazetari batzuekin batera, manifestarien eta polizien arteko istiluak jarraitzen, eta une batean kaputxadun batek buruan tiro egin zion.
Gaur Irish News egunkarira bidalitako komunikatu batean, kazetariaren hilketa aldarrikatu du eta "barkamen zintzoa" eskatu die Lyraren "bikotekideari, senideei eta lagunei".
McKeeren hilketa "zorigaiztokoa" izan zela eta kazetaria "etsaiaren ondoan" zegoela gertatu zela azaldu du IRA Berriak. Bestalde, istiluak eragitea leporatu dio IRA Berriak Poliziari. Gaineratu duenez, etorkizunean etsaiaren aurka egiten dutenean "arreta handiz" aritzeko eskatu die bere kideei.
Lekukoek grabatutako irudietan ikus daitekeenez, kaputxadun batek buruan tiro egin zion McKeeri buruan. Kazetaria Poliziaren ibilgailu baten ondoan zegoen, beste kazetari batzuekin batera, manifestarien eta polizien arteko istiluak jarraitzen.