Mundua -
Peru
Alan Garciak 'injustiziak' ez pairatzeko egin zuen bere buruaz beste
Horixe idatzi zuen behintzat bere buruaz beste egin aurretik idatzi zuen gutunean, gaur bere sendiak irakurri duen horretan.
Alan Garcia Peruko presidente ohiak gutun bat idatzi zuen asteazkenean bere buruaz beste egin aurretik, eta bertan idatzi zuen ez zuela atxiloketaren "injustizia" pairatu nahi eta politikari eta agintari lana besterik ez zuela egin.
"Beste batzuk ikusi ditut eskuburdinekin desfilatzen, modu errukarrian, baina Alan Garciak ez du zertan injustizia eta zirko hori pairatu, horregatik uzten diet nire seme-alabei nire erabakien duintasuna, nire kideei harrotasun keinua, eta nire hilotza nire aurkariekiko mespretxu gisa, bete baitut nire buruari jarri nion zeregina", idatzi zuen Luciana Garcia Nores alabak irakurri duen gutunean.
Eskutitzean agintari ohiak harrotasunez adierazi du Peruko Alderdi Aprista (PAP) bitan eraman zuela agintera, 1985etik 1990era eta 2006tik 2011ra izan baitzen presidente. Garciak uste zuen horregatik salatu zutela aurkariek 30 urtez, "sekula ezer aurkitu gabe".
"Gehiengoak egiatzat jotzen dituen zurrumurru eta gorroto garaiotan, ikusi dut nola erabiltzen diren umiltzeko eta iraintzeko prozedurak, egiak bilatu beharrean", azpimarratu du.
"Urte askotan irainen gainetik egon naiz, neure burua defendatu dut, eta neure aurkarien omenaldia izan da Alan Garcia nahikoa azkarra izan zela haien gezur guztiak frogatu gabe uzteko”, gaineratu du.
Milaka pertsona, tartean politikariak eta agintariak, izan dira Garciaren hiletan, alderdiaren egoitzan, eta Martin Vizcarra gobernuburuaren eta prentsaren aurkako mezuak entzun dira.