Mundua -
Libia
Haftar-en erasoak 213 hildakotik gora utzi ditu Tripolin
Libiako Armada Nazionala deritzonak, herrialdearen ekialdean dagoen gobernuarena denak eta Haftar buru duenak, Libia mendebaldeko "terroristak" garbitzeko erasoaldia hasi zuen apirilaren 3an.
agentziak | erredakzioa
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) jakinarazi duenez, gutxienez 213 lagun hil eta 1.009 zauritu ditu Jalifa Haftar jenerala buru duen erasoaldiak Libiako hiriburuan, Tripolin.
"Tripoliko gatazka armatuaren balantzea 213 hildako eta 1.009 zauritukoa da. Mediku espezialistek ebakuntzak egiteko laguntza ematen jarraitzen dute ospitaleetan", azaldu du erakundeak Twitterren.
MOEk adierazi du bi anbulantziari ere egin diotela eraso, eta horregatik, borrokan ari diren bi aldeei "zibilak, osasun langileak eta osasun zentroak babesteko" deia egin die. "Ez dira jomuga", azpimarratu du.
Libiako Armada Nazionala deritzonak, herrialdearen ekialdean dagoen gobernuarena denak eta Haftar buru duenak, Libia mendebaldeko "terroristak" garbitzeko erasoaldia hasi zuen apirilaren 3an, eta Tripolin dago orain.
Batasun gobernuak, berriz, kontraerasoa egin zuen, eta nazioarteak ere Haftar-en aurka jo du.
Nazio Batuen Erakundeko Giza Gaietarako Bulegoaren arabera, 24.000 pertsonak etxetik alde egin behar izan dute erasoaldiaren ondorioz.