Mundua -
Alarma nuklearra
Japoniak geldiarazi egin du isuri erradioaktiboa
Fukushimako istripuaren isuri erradiaktiboek ingurugiroan eta gizakien osasunean izango dituzten ondorioak ezagutzeko gutxienez bi urte beharko dituzte.
Erredakzioa
Tokioko Konpainia Elektrikoak (TEPCO) geldiarazi egin du Fukushimako zentral nuklearreko isuri erradioaktiboa, itsasora milaka tona ur kutsatu iritsi eta gero.
Isuria gelditzeko, teknikariek 1.500 litro sodio-silikato jaurti behar izan dituzte ur erradioaktiboa isurtzen ari zen putzuan.
Isuria duela hiru egun atzeman zuten, eta jatorria zein zen argitzeko, koloratzailea bota behar izan zuten bigarren erreaktorean. Azkenean, hodi batean zegoen haustura.
Orain, konpainia dikeak eraikitzea aztertzen ari da, ozeanoan ur kutsatua hedatzea galarazteko, NHK telebista-kate publikoak jakinarazi duenez.
Fukushimaren inguruetako uretan, iodo erradioaktibo maila legezko muga baino 7,5 milioi aldiz handiagoa da.
Bi urte beharko dira ezbeharraren ondorioak ezagutzeko
Bestalde, Fukushimako istripuaren isuri erradiaktiboek ingurugiroan eta gizakien osasunean izango dituzten ondorioak ezagutzeko gutxienez bi urte beharko dituzte, NBEko Zientzialari Batzordeak Vienan azaldu duenez.
Wolfgang Weiss erakunde horretako presidenteak adierazi duenez, Txernobyl (Ukraina) bezalako ezbeharretan izandako eskarmentua eta dagoeneko eskuragarri dagoen informazioa baliagarria izango zaie, baina "erreaktoreetako egoera ezegonkorra da oraindik eta bihar gertatuko dena inork ez daki".