Mundua -
Hauteskundeak Haitin
Michael Martelly abeslaria izango da Haitiko presidentea
Martxoaren 20ko hauteskundeen behin-behineko emaitzen arabera, Respuesta Campesina alderdiko hautagaiak botoen %67,57 jaso ditu. Behin betiko emaitzak halere, apirilaren 16an emango dituzte jakitera.
Erredakzioa
Michael Martelly abeslaria izango da Haitiko datorren presidentea, gaur zabaldu dituzten presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliko emaitzen arabera. Azken urteetan Karibeko herrialde behartsuan ezegonkortasun politikoa da nagusi eta egoera hori areagotu egin dute hondamendi naturalek.
Martellyk, "Sweet Micky" izenez ezaguna, botoen %67,57 lortu ditu pasa den martxoaren 20an egin ziren hauteskundeetan, gaur jakinarazi dituzten behin-behineko emaitzen arabera. Lehenengo itzulian lehen postuan gelditu zenak, Mirlande Manigat intelektualak, berriz, botoen %31,74 eskuratu ditu.
Hauteskundeetako emaitzak jakinarazi ondoren, eta beti ere apirilaren 16ko behin betiko emaitzen zain, Kiskeya irrati-etxearen arabera, Martellyk garaipen hau "herriarena dela" adierazi du.
Dena ondo bidean, Respuesta Campesina alderdiko hautagaiak René Préval ordezkatuko du datorren maiatzean; Haitin bost urteko bi legealdi presidentetzan bete dituen demokraziako presidente bakarra da Préval. Behin-behineko emaitzak jakindakoan, Port-au-Prince hiriburuko hainbat auzotan poza lehertu da; tiroak entzun dira eta su artifizialak bota dituzte abeslariaren garaipena ospatzeko. Milaka lagun atera dira kalera; horien artean asko kolore arrosa zuten kamisetak jantzita, Martellyk hauteskunde kanpainan erabilitako kolorea goraipatuz. Manifestari askok, presidente berriaren argazkiak eskuan, poza adierazteko oihuak egin dituzte Champ de Mars plazara zihoazela; han dago Presidentearen Jauregia, egun, ia erorita dago 2010eko lurrikara dela-eta. Era berean, manifestariek Martellyri orain arteko presidentea epaitzeko eskatu diote, haitiarren artean, eta batez ere lurrikararen ostean kanpamentuetan bizi diren 850.000 lagunen artean sortu duen miseriagatik.
Hauteskunde prozesuaren amaiera honekin, Haitiren berreraikuntza hastea espero dute 2010eko urtarrilaren 12an lurrikararekin samindu ostean; 316.000 hildako egon ziren, 300.000 zauritu baino gehiago eta 1.5 milioi kaltetu; horietatik asko oraindik egoera tamalgarrian daude.