Mundua -

Kutxa beltzen bila

2009an Atlantikora eroritako Airbusaren zatiak aurkitu dituzte

Air France konpainiaren A330-200 hegazkinaren fuselajearen zati bat aurkitu dute. Horrek 228 hildako utzi zituen hegazkin-istripu honen arrazoiak argitzen lagunduko du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiazio Zibilaren Segurtasunerako Ikerkuntza eta Azterketa Bulegoak jakitera eman duenez, Air France hegazkin-konpainiaren A330-200 modeloko fuselajearen atal bat aurkitu dute. Atlantikora erori zen hegazkina, Rio de Janeirotik irten eta Parisera zihoanean, 2009ko ekainaren 1ean.

Air Franceko ordezkarien ustez, "oso albiste ona" da iragarpena; izan ere, aurkitu berri dituzten zatiei esker informazioa bilduko dute eta 228 hildako utzi zituen hegazkin-istripuaren arrazoiak argitu ahal izango dituzte.

Airbusek eta Air Francek itsasora eroritako hegazkinaren kutxa beltzak aurkitzeko egin duten laugarren saiakera da oraingoa. Brasilgo kostaldean abiatu zituzten berriro bilaketa lanak joan den martxoan, eta uztailera arte iraungo dute. 8,7 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute eta bi konpainia hauek hartu dute bere gain kostua.

Air Franceko arduradunek ikertzen jarraitzea eskertu diete Frantziako agintariei; izan ere, "aurrekaririk ez dauka" bideratu duten baliabide kopuruak.

Istripuaren ikerketa gidatzen ari den epaileak nahi gabeko hilketaren delitua egotzi die Air France eta Airbus konpainiei. Bi aire enpresek, berriz, ez dute istripuaren ardura bere gain hartu nahi. Haien esanetan, hegazkinaren kutxa beltzak oraindik aurkitu gabe, ez dute egokitzat jotzen akusaziorik egotea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea