Mundua -
Ekialde Hurbila
Egiptoren bitartez Israelekin su-etena adostu duela ziurtatu du Hamasek
Fawzi Barhoum Gazako Hamasen bozeramaileak su-etena baieztatu du. Israelek zenbait ordu eman ditu Gaza bonbardatzen.
Agentziak | Erredakzioa
Hamasek eta Israelek su-etena adostu dute Egiptoren bitartekaritzarekin, talde islamiarrak baieztatu duenez. Gazatik dozenaka suziri jaurti dituzte gaur, eta Israelek bonbardaketa kanpaina abiatu du. Tentsioak gora egin du azken orduetan, eskualdean.
Fawzi Barhoum Gazako Hamasen bozeramaileak su-etena baieztatu du. Israelek zenbait ordu eman ditu bonbardatzen, suziri batek Tel Aviveko etxebizitza bat suntsitu ondoren. Erasoan hiru pertsona zauritu dira, horien artean hiru adingabe.
Su-etena 22:00etan sartu da indarrean (21:00ak Euskal Herrian), beste iturri baten arabera. Iturriak anonimotasunaren baldintzapean eman du informazioa. “Palestinako fakzioek eta Israelek su-eten akordio bat lortu dute Egiptoren bitartekaritzarekin”, azaldu du iturriak.
Era berean, su-eten akordioaren eta bonbardaketen amaieraren berri eman du Hamasen kideko telebistak.
Palestinako Gobernuaren Osasun Ministerioak azaldu duenez, zortzi zauritu utzi dituzte bonbardaketek, horien artean bi ume.
Gainera, Ismael Haniye Hamaseko buruzagiaren bulegoa bonbardatu dute Gazan.
Azkenik, WAFA Palestinako albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez, Israelgo hegazkinek 100 bat jaurtigai bota dituzte. F-16 ehiza-hegazkinen misilek Gazako Zerrendako eraikinetan kalteak eragin dituzte.