Mundua -
HERBEHEREAK
Laugarren pertsona bat atxilotu dute Utrechteko tiroketarekin zerikusia duelakoan
Herbehereetako Fiskaltzak baieztatu duenez, aurrez atxilotutako hiru lagunetako bi aske gelditu dira, erasoarekin zerikusirik ez dutela baieztatu ostean. Susmagarri nagusiak atxilotuta jarraitzen du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Herbehereetako Poliziak laugarren pertsona bat atxilotu zuen atzo arratsaldean, Utrechteko tiroketarekin zerikusia duelakoan. Erasoan, hiru pertsona hil zituzten.
Fiskaltzak ohar bidez jakinarazi zuenez, 40 urteko gizona da atxilotutakoa. Oraingoz, atxilotuaren identitateari buruzko bestelako xehetasunik eman. "(Gertaeran) izan zuen egitekoa ikerketa pean dago", gaineratu zuen.
Aurrez atxilotutako hiru lagunetatik bi, 23 eta 27 urteko bi anaia, kargurik gabe aske utzi dituzte gertaerarekin zerikusirik ez dutela egiaztatu ostean. Fiskaltzak baieztatu du informazioa. Bien bitartean, susmagarri nagusiak atxilotuta jarraitzen du.
Azken orduetan terrorismoaren hipotesiak indarra hartu du, arrazoi pertsonalena baztertuta. Fiskaltzaren esanetan, ez dirudi Utrechteko tiroketaren susmagarri nagusiaren eta biktimen artean harremanik zegoenik.
Gauzak horrela, eraso terrorista bat izan zela da Fiskaltzaren hipotesi nagusia. Izan ere, eskutitz bat aurkitu dute erasotzaileak ihes egiteko erabili zuen autoan.
Fiskaltzaren arabera, tiroketan hildakoak 19 urteko emakume bat (Vianen, Herbehereak) eta Utrecht bertako 28 eta 49 urteko bi gizon dira.