Mundua -
ERRESUMA BATUA
'Brexit'aren akordioa baztertuta, 'brexit' gogorra bozkatuko dute Komunen Ganberan
Erresuma Batuko Parlamentuan, Europar Batasunetik akordiorik gabe irteteari buruz bozkatuko dute asteazken honetan diputatuek.
AGENTZIAK
Egoera geroz eta korapilatsuagoa da Erresuma Batuan. Atzo, bertako Parlamentuak bigarren aldiz atzera bota zuen Erresuma Batua Europar Batasunetik (EB) ateratzeko Theresa May lehen ministroak eta Bruselak lorturiko akordioa.
Atzoko bozketan, Komunen Ganberako 391 diputatuk brexitaren akordioaren kontra bozkatu zuten eta 242k, ostera, alde. Urtarrilean bozkatu zuten akordioarekiko aldaketa txiki bat jasotzen zuen atzoko testuak. Ipar Irlandan muga saihesteko mekanismoa ez betikotzeko bermea lortu zuen Theresa Mayk "azken unean", baina ez da nahikoa izan diputatuen iritzia aldatzeko.
Brexitari buruzko bozketaren emaitza ezagutu ostean, (Europar Batasunetik) irteteko aukerarik onena "modu ordenatuan" egitea dela azpimarratu zuen Theresa Mayk, kontrakoak eragingo lukeen "kalteaz" ohartaraziz.
Gauzak horrela, Theresa Mayk mozio bat aurkeztuko du Parlamentuan, akordiorik gabeko balizko irteerari buruz erabakitzeko. Bozketa Londresen 19:00ak direnean egingo da Komunen Ganberan.
Aurrez, Parlamentua brexit gogorraren aurka agertu izan da.
Komunen Ganberak irteera ordenatu bat babestuz gero, beste bozketa bat egingo da ostegunean brexita atzeratzea eskatu edo ez erabakitzeko. Hasiera batean, martxoaren 29rako dago aurreikusita Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetea.
Erresuma Batuak luzapen hori onartzen badu, Europar Batasuneko gainerako 27 herrialdeek beren oniritzia eman beharko diote atzerapen horri.
Edozein kasutan, luzapena "motza eta mugatua" izango dela ohartarazi du Mayk. Ez hori bakarrik, maiatzaren 26ko Europako hauteskundeez harago ez luzatzea komeniko litzatekeela adierazi du.
"Luzapen horrekin zer egin nahi dugun jakin nahiko du Europar Batasunak eta Parlamentu honek galdera horri erantzun bat eman beharko dio", gaineratu du.