Mundua -

Esku-hartzea Libian

Frantziako ehiza-hegazkin batek Gadafiren hegazkin bat bota du

- Debekupeko aire-eremuan sartu den Gadafiren Armadako lehen hegazkina izan da.

- Misrata hiriko portuaren kontrola bereganatu dute Gadafiren tropek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Debekupeko aire-eremuan zegoen Libiako hegazkin bat bota du Frantziako ehiza-hegazkin batek, ABC News telebistak Interneten jakinarazi duenez.

AEBetako telebistaren esanetan, debekupeko aire-eremuan sartzen den aurreneko hegazkina da, NBEko Segurtasun Kontseiluak iragan ostegunean ezarri zuenetik.

ABCren arabera, "AEBek eta aliatuek ezarritako debekupeko aire-eremua lehen aldiz urratu du Gadafik, izan ere, gerra-hegazkin bat bidali du Misratara, baina Frantziako bi ehiza-hegazkinek berehala bota dute".

Frantziako ofizial militar bat informazioaren iturri izan dela aipatu du ABCk, eta botatako hegazkina Galeb bat izan dela erantsi du.

Setioa Misratan

Iturri berdinaren arabera, Gobernuko indarren zenbait tanke deuseztatu zituzten gauean nazioarteko koalizioak egindako bonbardaketek, baina Misratako erdialdean zeuden tankeak ez zituzten hondatu.

Gadafiren frankotiratzaileen operazioak eta erasoak ez dituzte galarazi azken egunetako bonbardaketek, bizilagunen arabera. Horrela, dozenaka lagun hil eta ehunka zauritu dituzte Misratan, Libiaren mendebaldean matxinoek duten azken gotorlekuan.

Nazioarteko erasoa

Gutxienez Tomahawk 14 misil jaurti ditu gauean nazioarteko misioak Libian, AEBetako agintariek gaur jakitera eman dutenez.

Era berean, koalizioak bonbak bota ditu zenbait helbururen kontra, bozeramaile batek Alemaniatik azaldu duenez, baina ez du kopururik zehaztu.

Bilera Addis Abeban

Jean Ping Afrikar Batasuneko presidenteak Muamar Gadafiren erregimeneko, NBEko Segurtasun Kontseiluko, Europar Batasuneko eta arabiar herrietako ordezkariak gonbidatu ditu ostiral honetan Addis Abeban bilera bat egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea