Mundua -
Lehergaiak
Lehergaia zuten hiru pakete ikertzen ari da polizia Londresen
London City Airport eta Heathrow aireportuetan eta Waterlooko tren geltokian aurkitu dituzte paketeak. Gailu leherkor txikiak zeuden barruan.
Agentziak | Erredakzioa
Londresko Heathrow eta London City Airport aireportuetan eta Waterlooko tren geltokian agertutako hiru pakete ikertzen ari da Erresuma Batuko polizia. Gailu leherkor txikiak zeuden paketeetan.
Erresuma Batuko polizia antiterroristaren unitatearen ustetan, hiru gailuak lotuta daude. Asteartean jaso dituzte, 09.55 eta 12:10 artean (ordu bat gehiago Euskal Herrian).
Lehenengo ikerketaren arabera, su txikia hasteko ahalmena zuten hiru paketeek. Horietako bat Heathroweko eraikin bateko langileak ireki du.
Segurtasun indarrek "aukera guztiak irekita" mantentzen dituzte lehergaien bidalketaren motibazioen inguruan.
London City Airporteko metro geltokia denbora batez itxi dute, baina ez du hegaldietan eraginik izan.
Gutun-azal zuri baten barruan jaso dute lehenengo gailua, The Compass Centre delakoan. Bertan daude Heathrow aireportuko kudeaketa bulego batzuk. Langile batek ireki duenean, su txiki batek paketearen zati bat erre du. Ez du inor zauritu.
11:40an, beste pakete bat aurkitu dute Waterlooko tren geltokietako posta bidalketak biltzen dituzten aretoan, Londresko erdigunean. Geltokia ez dute hustu eta ez da tren zerbitzua eten.
Goizeko azken orduan beste abisu bat jaso dute, London City Airporteko bulego nagusiak dauden eraikinean. Langileak eraikinetik atera behar izan dituzte.