Mundua -

Gerra zibila Libian

NATOk 'funtsezko papera' izango du Libiako operazioan

- AEBek Libiako operazio militarraren gidaritza transferituko dute datozen egunotan.

-Gadafik borrokarako deialdia egin du eta garaipena lortuko dutela ziur dago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libiako operazio militarren aginte egituran NATOk "funtsezko papera" izan behar duela uste dute Frantziak, Britainia Handiak eta AEBek, Etxe Zuriak jakitera eman duenez.

Ben Rhodes Segurtasun Nazionaleko kontseilariak azaldu duenez, Obamak Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin eta David Cameron Britainia Handiko lehen ministroarekin hitz egin du gaur. "Etorkizunean NATOk aginte egituran funtsezko papera" izan behar duela adostu dute hiru agintariek.

Lehenago, operazio militarraren "zuzendaritza politiko" bat eratzea proposatu du Frantziak. Era berean, Estatu partehartzaileekin eta Arabiar Ligarekin bilerak egitea proposatu du Frantziak, Alain Juppe Atzerri ministroak gaur esan duenez.

Barack Obamaren hitzetan, AEBek Libiako operazio militarraren gidaritza transferituko dute datozen egunotan.

Arma-blokeoa

Libiari NBEko Segurtasun Kontseiluak onartutako arma-blokeoa aplikatzeko ontziak erabiltzea adostu dute gaur NATOko Estatu kideek, iturri diplomatikoek jakitera eman dutenez.

28 Estatu kideetako enbaxadoreek hartu dute erabakia NATOren Batzordean. Nazioarteko operazioan Aliantzak izan behar duen paperari buruz eztabaidatzen ari dira ordezkariak.

Iturri berdinen arabera, enbaxadoreek beste aukera batzuk eztabaidatzen jarraitzen dituzte, debekupeko aire-eremuan parte-hartze posiblea adibidez. Orain arte AEBek, Frantziak eta Britainia Handiak ezarri dute aire-eremua, beste herrialde batzuen laguntzarekin.

Bonbardaketak kritikatu dituzte zenbait Estatuk eta azken egunetan zatiketa eragin du horrek NATOn.

Aire operazioen agintea NATOk hartu behar duela errepikatu dute AEBek, Britainia Handiak eta Italiak.

Libiara armak itsasoz helduko ez direla bermatuko dute NATOko ontziek gaurtik aurrera.

Borrokarako deia

Muamar Gadafi Tripoliko jendetzari zuzendu da astearte honetan, borrokarako deia egiteko, eta, nazioarteko eraso militarraren eta matxinoen aurrean erregimenaren garaipena iragarri du. "Azken garaipena lortuko dugu", esan du.

"Ez dugu amore emango, garaipena lortuko dugu", adierazi du Gadafik; ildo horretan, "borroka motzerako edo luzerako prest daudela", gaineratu du.

Presidentziako etxetik egin ditu Gadafik Estatuko telebistan zuzenean eman diren hitzak. "Hemen nago, nire etxea hemen dago, nire dendan nago", azaldu du bandera berdeak astintzen zuen jendetzaren aurrean.

Gadafiren hitzetan, nazioartearen erasoa "bidegabea" da, eta NBEko gutuna urratzen duela salatu du. Halaber, erasoa "historiako zabortegian bukatuko den faxista talde batek" egin duela esan du.

Borrokaldiak Ajdabiyan

Gadafiren tropek eta matxinoek borrokatzen jarraitzen dute Ajdabiyako hirian, Bengasitik 160 kilometrora, Al Yazira telebistak jakitera eman duenez.

Ke beltz zutabeen irudiak erakutsi ditu Qatarreko telebistak. Hiriko ekialdean borrokaldiak dira nagusi, berriemaileak Ajdabiyatik gertu jakitera eman duenez.

Bestalde, gutxienez hamar lagun hil dira Zintan hirian, Gadafiren indarrek egindako bonbardaketen ondorioz, bizilagun batek azaldu duenez.

Bonbardaketak

Muamar al Gadafi Libiako diktadorearen tropek eraso egiten jarraitzen dute gaur Misratan, hots, herrialdeko hirugarren herri garrantzitsuenean (Tripolitik 210 kilometrora), Sadon el Mehmeraty matxinoek herri horretan duen bozeramaileak jakinarazi duenez.

Bozeramailearen hitzetan, erasoa etengabea izaten ari da, eta tankeak eta misilak erabiltzen ari dira.

Astelehenean, egoera "oso larria" zela esan zuten matxinoek, argindarrik, urik eta erregairik ez dagoelako herrian.

Presioa Gadafiri

Abdel Elah al Jatib NBEko mezulariarekin bildu dira Libiako Kontseilu Nazional matxinoaren buruzagiak Tobruken, Libiako ekialdean. Su-etena aplikatu eta hiriak erasotzeari utz diezaion Gadafiren erregimena presionatzeko eskatu diote matxinoek Jatibi.

NBEk egindako eskaerak ez ditu bete Gadafik eta zibilen aurkako erasoak ez dira bukatu, Samuel Locklear almiranteak salatu duenez. Locklear AEBetako indarren komandantea da Libiako operazioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea