Mundua -
Operazio militarra Libian
Zigor ekonomiko gehiago adostu dituzte Gadafiren erregimenaren aurka
Besteak beste, Gadafiren 11 laguntzaileri Europan sartzea debekatzea eta bederatzi erakunde libiarren funtsak blokeatzea erabaki dute.
Erredakzioa
Europar Batasuneko Atzerri ministroek zigor ekonomiko gehiago ezarri dizkiote gaur Muamar Gadafiren erregimenari, Libiako Gobernuaren aurkako presioa areagotzeko helburuarekin.
Besteak beste, Gadafiren 11 laguntzaileri Europan sartzea debekatzea eta bederatzi erakunde libiarren funtsak blokeatzea erabaki dute.
Halaber, hegaldi komertzialen eta petrolio konpainia publikoaren aurka ere adostu dituzte zigorrak.
"Beste hamaika pertsonari kontu-korronteak eta bederatzi erakunderi funtsak blokeatuko zaizkie", azaldu dute EBko 27 herrialdeetako ministroek ohar batean.
Gehienbat, Gadafiren erregimenaren ministroen aurkako neurriak izango dira, baina finantzen alorreko hainbat erakunde ere zigortuko dituzte.
Zigortutako pertsonak eta erakundeak zein diren bihar iragarriko dute, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean.
Otsailaren 28an, Libiari armak bahitzea eta Gadafiren eta bost senideren kontu-korronteak blokeatzea erabaki zuten EBko hogeita zazpi herrialdeek.