Mundua -

Krisia

Protestek eta istilu larriek hartu dituzte Haitiko kaleak azken bi asteotan

Jovenel Moiseren Gobernuaren aurkako oposizioak presidentearen dimisioa eskatzen du krisi ekonomiko larriagatik eta ustelkeriagatik.

Istiluak Haitiko kaleetan. Argazkia: Efe
Istiluak Haitiko kaleetan. Argazkia: Efe
Istiluak Haitiko kaleetan. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haitik bi aste bete ditu tentsio politiko eta sozial handiarekin. Oposizioko sektoreek protesta ugari egin dituzte Jovenel Moise presidentearen dimisioa eskatzeko, haren elkarrizketarako eskaintza errefusatzen duten bitartean.

Gobernuak azken egunotan elkarrizketarako esfortzua handitu eta krisi ekonomiko larriari eta ustelkeriari aurre egiteko neurriak iragarri baditu ere, Sektore Demokratiko Popularrak, oposizioko buruzagi nagusiak barne hartzen dituenak, gaur ere kalera ateratzeko deia egin die herritarrei.

Andre Michel Sektore Demokratiko Popularreko bozeramaileak esan zuen mobilizazioekin lortu nahi dutela "nazioarteak jakitea Moiserekin ez dela egonkortasun politikorik izango", eta trantsizio gobernu bat jarri beharra dagoela enfrentamenduak saihesteko.

Michelek azpimarratu zuen Moisek ez duela "boterean jarraitzeko zilegitasunik", eta horregatik dimititu egin behar duela.

Petrocaribeko funtsak ustez bidegabe erabiltzeagatik sortutako auzia ere argitzea nahi du oposizioak. Venezuelak Haitiri petrolioa saltzeko egitasmoa da Petrocaribe, eta hamabost ministro ohi eta egungo hainbat goi-kargudun daude nahastuta, presidentea barne, bertako Kontuen Auzitegiak jakinarazi zuenez.

Tentsio horren erdian, arma automatikoak zeramatzaten bost estatubatuar eta bi serbiar atxilotu eta AEBetara bidali zituzten asteazkenean. Michelek salatu zuen Gobernuaren aldeko mertzenarioak zirela, eta oposizioko buruzagien kontra egiteko agindua zutela.

Bestalde, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Haitiko krisia izan zuen hizpide ateak itxita egindako bilera batean, AEBek, Frantziak eta Alemaniak eskatuta.

Bertan, 15 herrialdeek adierazpen bat onartu zuten Haitiko egoerarekin kezkatuta daudela erakusteko eta herritarrei modu baketsuan joka dezaten eskatzeko.

Protestek segurtasun eza areagotu dute Amerikako herrialde txiroenean, eta ezegonkortasun egoera handitu egin da, inflazioaren eta bertako txanponaren debaluazioak areagotutako krisi ekonomiko larriaren erdian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Latinoamerikako azken ordukoa Haiti albisteak