Mundua -
Gerra Zibila
Libiako erasoan parte hartzeko baimena eskatu du Zapaterok
Espainiak itsasontziak eta hegazkinak jarriko ditu NATOren esku, eta AEBei Rotako eta Moroneko aire-baseak erabiltzeko baimena emango die.
Erredakzioa
Indar Armatuek Libian operazio militar batean parte hartzeko baimena eskatu dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak Kongresuari; halaber, Espainiak "ekarpen garrantzitsua" eskaini dio nazioarteko komunitateari.
Zapatero Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiarekin agertu da prentsaurrekoan, NBEren Segurtasun Kontseiluak Libian indarkeria erabiltzea onartu eta Muamar al Gadafik berehalako su-etena iragarri ostean.
Espainiak itsasontziak eta hegazkinak jarriko ditu NATOren esku, eta AEBei Rotako eta Moroneko aire-baseak erabiltzeko baimena emango die, Espainiako presidenteak jakinarazi duenez. Operazio hori NATOko kideekin batera koordinatuko dute.
Zapaterok erabaki horien nondik norakoak azaldu dizkio erregeari eta Mariano Rajoyri.
Bihar Parisen izango da Zapatero, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak deitutako bileran parte hartzeko; bertan, Europako zenbait estatuburuk, Arabiar Estatuen Ligak eta Afrikar Batasunak parte hartuko dute, Libiako krisiari buruz eztabaidatzeko.
Zapaterok NBEren pauso "erabakigarria" txalotu du, ebazpen "historikoa" baita, bere ustez; izan ere, Zapateroren hitzetan, NBEk "bere eginbeharrekoa bete du eta giza eskubideak, zibilak eta nazioarteko eskubideak babesteko bide guztiz positiboa zabaldu du".
"Erasoak berehala bertan behera uzteko" eta Segurtasun Kontseiluak hartutako ebazpena betetzeko eskatu die Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak Libiako agintariei. Horrez gain, erabakiak "aho batez" hartzen jarraitzeko eskatu dio nazioarteko komunitateari.