Mundua -

Alarma erradioaktiboa Japonian

Fukushimako egoera 'oso larria' da, baina ez du okerrera egin

- Fukushimako laugarren erreaktorearen egoerak "kezkatu" egiten du.

- Bat, bi eta hiru erreaktoreen egoera "egonkorra" da, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren esanetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fukushima Daiichiko erreaktoreetako egoera "oso larria" da, baina asteazkenaz geroztik ez du okerrera egin, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (OIEA) gaur jakitera eman duenez.

Laugarren erreaktorearen egoerak "gehien kezkatzen" duena dela azaldu du Andrew Graham OIEAko zuzendari nagusiaren aholkulariak Vienan egindako agerraldian. Izan ere, erabilitako erregai nuklearra gordetzen duten ur-tangen egoerari buruz ez dute inolako berrirrik.

Era berean, ur-tangaren tenperaturaz ez dute berririk martxoaren 14tik, eta irakiten egotea ez dute baztertzen OIEAko adituek.

NBEko agentzia nuklearraren datuen arabera, 1,2 eta 3 erreaktoreen egoera "egonkorra" da, adierazi du Andrewk.

Hala eta guztiz ere, Fukushiman itxaropena dagoela esateko "goizegi" dela ohartarazi du OIEAko adituak.

Ur-kanoiak

Larrialdi zerbitzuak ur-kanoiak erabiltzen ari dira orain Fukushimako zentral nuklearraren hirugarren erreaktorea hozteko.

Gaur goizean, bi helikopterok milaka tona ur jaurti dituzte, baina erreaktorea ez da hoztu eta erradioaktibitate maila ez da murriztu.

NHK telebista-kate publikoaren esanetan, Armadaren eta Poliziaren kamioiek ur-kanoiak ekarri dituzte, lurretik saiatzeko.

Gainera, TEPCO konpainia zentralaren argindarra berreskuratzen saiatzen ari da, hozte-sistema piztu ahal izateko.

Erradiazioak gora egin du

Fukushima-1 zentral nuklearrean erradiazioak gora egin duela baieztatu du Tokyo Electric Power Company (TEPCO) enpresak, Kyodo albiste-agentziak jakitera eman duenez. Japoniako Armada hirugarren erreaktorea hozteko lan egiten ari da, baina, antza denez, ez dute emaitzarik lortu.

Erradiazioa orduko 3.700 mikrosievertekoa izatetik 4.000koa izatera pasa da administrazio eraikuntzaren inguruan. Gizakiak 1.000 mikrosieverteko kutsadura jasan dezake urtero.

Nolanahi ere, Japoniako Gobernuak baztertu egin du ebakuazio eremua handitzea, eta zentraletik 20 kilometrora mantendu du.

Herrialde horretako Segurtasun Nuklearreko Agentziak berretsi duenez, une honetan lehentasuna hirugarren eta laugarren erreaktoreak hoztea da, batik bat erregai-nuklear tangak.

Orotara, 200.000 pertsonatik gora ebakuatu dituzte zentraletik 20 kilometroko eremuan, eta 30 kilometrora bizi direnei etxetik ez ateratzeko, leihoak itxita izateko eta aire girotua ez pizteko eskatu diete.

Zentral nuklearreko langile gehienak, 800, ebakuatu egin zituzten, eta 50 inguru geratu dira egoerari aurre egiten.

Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen arabera, Fukushiman 23 pertsona zauritu dira, bi desagertuta daude eta 20 inguruk erradiazio arrastoak dituzte.

Biktimen balantzea

Dagoeneko hildakoak 5.692 dira eta 9.506 lagun desagerturik daude lurrikararen eta tsunamiaren ondorioz, Poliziak igorritako azken balantzearen arabera.

Hala ere, biktimen kopuruak oraindik gora egitea espero dute agintariek, batez ere Iwate, Miyagi eta Fukushimako probintzietan.

Momentuz, 26.000 lagun erreskatatu dituzte, Japoniako Gobernuaren esanetan.

Ia 80.000 eraikuntza hondatu zituen hondamendiak eta 500.000 bat lagun aldi baterako 2.500 aterpetan bizi dira, argindarrik eta edateko urik gabe.

Bestalde, 23.000 bat lagunek bakarturik jarraitzen dute lurrikararen zonan eta eguraldi txarrak ez du batere laguntzen erreskate operazioetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea